Igandean hasiko da Pasaiako merkataritza sustatzeko bonuen kanpaina
Igandetik –ekainak 1– ekainaren 30era arte egongo da martxan 'Pasaian erosi' ekimena. 10 euroko bonuak erosi eta 15 euroko erosketak egitean datza.
Pasaiako Udalak eta Pasaiako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen Laurak Bat elkarteak Pasaian Erosi bonuen kanpainari ekingo diote ekainaren 1etik –igandea– aurrera. Zehazki, ekimenaren helburua udalerriko establezimenduetan kontsumoa sustatzea da.
Bonu horiek hamar euroren truke erosteko aukera izango da, horrekin berarekin hamabost euroko erosketa egiteko. Truke hori zein establezimendutan egin daitekeen adierazten duen kartel bereizgarri bat izango dute erakusleihoetan kanpainan parte hartu duten negozioek.
Erosketa bonuak establezimenduetan erosi beharko dira, eta erosi den establezimendu horretan soilik erabili ahal izango da. Era berean, zehaztu dute Nortasun Agiri bakoitzeko gehienez lau bonu erosi ahal izango direla. Halaber, lau bonuek ez dute zertan establezimendu berean erositakoak izan behar.
Kanpaina hori ekainaren 30ean edota bonuak agortzen direnean amaituko da. Trukean parte hartu duten establezimenduen zerrenda zein den ikusteko, egin klik hemen.
