'Gurea erabil dezakezu'-rekin, Lezoko komertzioak haurren lagun
Haur eta nerabeek, telefono deia egiteko beharra badute, herriko establezimenduetakoak erabil ditzakete. Gazteenen artean sakelako telefonoen erabilera gutxitu nahi dute horrela.

Haurren eta nerabeen artean sakelako telefonoen erabilera goiztiarra kezka iturri da. Lezoko Altxa Burua plataforma gailu horien erabilera atzeratzearen aldeko eta aurrez aurreko harremanak indartzeko lanean dabil, baita sakelakoen erabilera egokia sustatzeko pedagogia lana egiten ere. Bide horretan, elkarlanean oinarritutako kanpaina bati eutsi dio herriak: Gurea erabil dezakezu. Horren xedea da herriko haurrek, kalean direnean eta telefono dei bat egin behar badute, Lezoko merkatarien establezimenduetara joan eta handik deia egitea. Lezoko Hezkuntza Foroaren bitartez mamitutako egitasmoa da, eta udalaren partaidetzaz gainera, Lezokoak Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu elkartea, eta Hezikuntza nahiz Errota gurasoen elkarteak daude. Komunitate izaerako egitasmoa da.
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten kanpaina. Bertan izan ziren Lezoko alkate Mikel Arruti, Lezokoak-eko presidente Edurne Mitxeo, Hezikuntzako Alazne Salaberria eta Irati Aranburu, nahiz Errotako Edurne Emazabel eta Naroa Tubilla. “Herrian eta gizartean sakelako telefonoen gehiegizko erabileraren gaineko kezka dago”, baietsi zuen alkateak. “Proiektu sinplea da Gurea erabil dezakezu, baina Lezorako baliagarria. Sakelako telefonoa erabiltzeko arrazoiak izan daitezke gurasoek seme-alabekin hitz egiteko behar izatea jakiteko non dabiltzan, edo besterik gabe, mugikorrak dituzten haurren presioagatik, ez dutenek hori nahi izatea. Gaiari lankidetzan ekitea erabaki dugu”.
Hala, kanpainaren arabera, herriko establezimenduetan eta udalaren egoitza publikoetan eranskailuak jarriko dituzte, haurrek eta gurasoek jakin dezaten han telefono bat dutela prest nahi denean behar denari hots egiteko; Lezokoak-en barruan 40 establezimendu daude, eta horietan jarriko dituzte pegatinak. “Lezo herri hezitzaile izan dadin hezkuntza formaletik harago ere egin daiteke lanketa. Egitasmo hau horren eredu da”, esan zuen alkateak.
Eragileak
Hezikuntzako Alazne Salaberriak bai merkatariei nahiz udalari eskerrak eman zizkien kanpaina abiarazteko bidelagun izateagatik. Beharrezkotzat jo zuen egitasmoa “Gure seme-alaben ongizatea bermatzeko beste aurrerapauso bat da. Etxean edo ikastetxean eragiteaz gain, haurren osasuna erdigunean jartzeko modu bezala ikusten dugu”. Teknologiaren eta sakelakoen erabilera gizartean errotua dagoela azaldu zuen Salaberriak, eta horrek jada haur eta nerabeen artean ondorioak eta arazo larriak dituela zehaztu: “Mugikorra izateko ingurukoen presio soziala gero eta lehenago ari da sortzen, eta presio hori gero eta bortitzagoa da”.
Errotako Edurne Emazabalen arabera, Lezo herria da, “eta gure artean laguntzeko aukera dago. Inportantea iruditzen zaigu herria ondo saretzea eta haurrak leku seguru batean daudela sentitzea, beharra dagoenean edozein tokitara laguntza eske lasai sartzea. Laguntza behar denean herri izaera ere kontuan hartu behar da; badirudi dena gurasoen bitartez edo sakelako telefono dei bidez konpon daitekeela”.
Lezokoak-eko Edurne Mitxeok aipatu zuen hasiera-hasieratik begi onez hartu zutela Hezkuntza Foroaren proposamena, Altxa Burua plataformaren bidez helarazitakoa. Adierazi zuen jada haur koskorrentzat zaila izan daitekeela sakelakoen gaineko dependentziarekin haustea, baina gaztetxoagoen artean eragitea errazago izan daitekeela adierazi zuen. “Gure komertzioetan lasai asko sartzen dira haurrak ur eske, edo komunera. Zergatik ez telefono deia egitea eskatu? Egunero ematen ditugun zerbitzuen barruan dago, eta lehenago ere eginak ditugu horrelakoak. Orain, pegatinarekin, garbiago ikusiko da aukera hori dagoela “. Izan ere, herriko saltokien hurbiltasuna eta gertuko tratua berresteko aukera baita haien telefonoak beharra dutenen eskura jartzea.
Datorren astean banatuko dituzte kanpainarekin bat egin dutenen artean eranskailu berdeak. Handik behar denean, haur eta nerabeek behar dituzten deiak egiteko aukera izango dute.