AHTaren lanek aldiriko trenetan duten eragina salatuko dute
Oarsoaldeko AHT Gelditu herri mugimenduak deitu du elkarretaratzea hilaren 13rako, Lezo-Errenteria tren geltokiaren parean.
Aurretik mugimenduak egindako elkarretaratze baten artxiboko irudia. Oarsoaldeko AHT Gelditu herri mugimenduak elkarretaratzera deitu herritarrak hilaren 13rako (ostirala). Haien iritziz AHTa Oarso-Bidasotik pasa dadin egiten ari diren lanak aldiriko trenen zerbitzuan eragin oso ezkorra izaten ari dira: “Zerbitzuak murrizketak izan ditu, kalitateak beherakada izan du, etenaldiak pairatzen ari gara. Egoera horrek eragin bereziki kaltegarria du ikasle, emakume, langile, pertsona arrazaliazatu eta adinekoetan”. Hala, aldirietako trenak dituen arazoak salatzeko, nahiz AHTa egiteko lanen dirua gastu sozialetara bidera dadin eskatzeko egingo dute elkarretaratzea: hilaren 13ko 18:00etan izango da Lezo-Errenteria geltokiaren parean.
Mugimenduko kideek azken urteetan aldiriko trenetan izan diren eten eta geldialdiak oroitarazi dituzte. Gainera, zehaztu dute ekainaren 14-15eko asteburuan ere ez dela aldirikoen zerbitzurik izango, eta udan, bi hilabetez ere etenaldia izango dela, “datorren urterako beste bi hilabeteko etenaldia iragarri dute”. Etenak direnean ordezko autobusak jartzen dituzte: “Ez dituzte trenaren ordutegiak bermatzen, eta gainera, bizikletak ezin dira eraman. Azken emaitza: kalitate eskasa eta kostu handiagoak herritarrentzat”. AHTaren errailak egokitzeko lanek jada 10 urteko iraupena dutela adierazi dute mugimendutik. “Jose Antonio Santanok 2027rako obren bukaera iragarri badu ere, erabiltzaileok galdetzen dugu: hau al da AHTaren izenean saltzen diguten aurrerapena?”
Oarsoaldeko AHT Geldituk salatu du AHTaren lanak “kalte konponezinak” eragiten adi direla, eta baliabide publiko aldetik “izugarriak” direla kostuak. Alderaketak egin dituzte gastu publiko hori aintzat hartuta: “AHTaren eraikuntzaren kilometro bakoitzeko egiten ari den gastuarekin 2.083 pentsiodunek erretiro duina izango lukete, edo 7.377 alargunen pentsioa konpentsatu ahalko litzateke. Horren ordez, dirutza hori osasungintzara, zaintzara, etxebizitzara edo hezkuntzara bideratzea litzateke zentzuzkoena”.
