Portuko lehendakari berri Izaskun Goñiri harrera egin dio Aizpea Otaegi alkateak
Udaletxean egin dio harrera eta partekatutako erronkak izan dituzte hizpide Otaegik eta Goñik.
Otaegi, Lemos eta Goñirekin.Herri Bizia Harrera egin dio Aizpea Otaegi alkateak Izaskun Goñi Pasaiako Portuko agintaritzako lehendakari berriari. Bernar Lemos alkateordeak ere hartu du parte bilera horretan. Udaletxean bertan bildu dira, goizean, eta erronka partekatuak izan dituzte hizpide. Zehazki Errenteriak Portuan duen eremuan garapen ekonomikorako aukerez, Portuaren hiri garapenaz, eta bermatu beharreko ingurumen bikaintasunaz aritu dira.
Errenteriaren eta Portuaren elkarlanetik, eskualdean kokatuta dauden enpresen beharretatik, eskualderako sortu daitezkeen garapen ekonomikorako aukerez hitz egin dute eta ildo horretan elkarlanean jarraitzeko borondatea adierazi dute, besteak beste, une honetan Oarsoalderako Plan Estrategikoa lantzen ari dela baliatuta. Portuaren eremua kudeatzen den modu itxi eta zurrunak Errenteriaren hiri-garapenaren ikuspegitik suposatzen duen galera ere hizpide izan dute gaur bilera horretan. Beti ere segurtasuna bermatuz, muga horiek gainditzeko aukerak aztertzea interesgarria litzatekeela aipatu da.
Azkenik, ingurumen gaiei heldu zaie, izan ere Portuak eragindako kutsadura murrizteko neurriak hartu badira ere, ezinbestekoa da iraunkortasunaren alde neurriak hartzen jarraitzea.
Maiatzaren 5ean Pasaiako Portu Agintaritzako Lehendakari berriak portu inguruko herrietako alkateekin, hau da, Pasaiako alkate Teo Alberro, Lezoko alkate Mikel Arruti eta Errenteriako alkate Aizpea Otaegi, egin zuen lehen bileraren ondoren, Lehendakari berriak inguruko herriak banan banan ezagutu asmoz egiten ari den errondaren baitan kokatzen da gaurko bilera.
