Orratx!-en harrobia, oholtzara asteburuan
Orratx! Txiki eta Gazte antzerki taldeek emanaldi bana emango dute larunbatean eta igandean Gezala Auditoriumean.
Goian, Orratx! Gazteko kideak, behean Orratx! Txikikoak. Antzerkiak badu etorkizunik Lezon. Horren beste adibide bat da herriko antzerki taldeak, Orratx!-ek, gazteenen bi talde dituela: Orratx! Txiki eta Orratx! Gazte. Bada, bi taldeek ikasturte bukaerako emanaldiak egingo dituzte larunbatean (hilaren 14an) eta igandean, biak ala biak 12:00etan hasita eta Gezala Auditoriumean. Bi egunetan obra bana eskainiko du talde bakoitzak. Gezalarako sarrera doan da, baina aurrez tokiaren erreserba egin behar da Lezoko Udalaren sarreren zerbitzu telematikoaren bitartez.
Orratx! Txikikoek Emozioen basoa antzezlana eskainiko dute bi egunetan. Honakoa da sinopsia: “Neskato bat basora joaten da bertako parajeak ezagutzeko. Bertan maitagarri batekin topo egin eta elkarrekin basoan murgiltzen dira, bertako animalia eta izaki magikoak ezagutzera. Bidean basoko biztanleek emozio ezberdinekin dituzten gatazkak ikusaraziko dizkigute. Onarpenaren eta laguntasunaren arteko balantzan arituko dira gure aktore txikiak oholtzan”.
Orratx! Gazteren obrak, berriz, Patxi jaunaren hilketa du izenburu. Hau da laburpena: “Patxi jaunaren hilketa gertatu da. Nor izan da? Nola? Zergatik? Ikerketaren bitartez iraganera bidaiatuko dugu Patxi jauna eta bere ingurukoak ezagutzeko. Egia esan edo betirako isilik geratzearen gatazka, ikerlarien gorabeherak eta justizia egitearen ikuspuntuak. Orratx!-eko aktore gazteek ikerketa argituko ahal dute?”.
