Xoxolurren sasoiko azken irteeran Jaizkibeldik mendi buelta, bainua, eta bazkaria
Hilaren 15ean (igandean) izango da denboraldiko azken ibilaldia. Hilaren 17an batzar irekia egingo dute herriko mendizaleek, plazan.
Maiatzaren 25eko ibilaldian izan zirenen talde argazkia.Xoxolur Xoxolur Mendi Klubaren usadioa da sasoia handira bukatzea. Aurten ere hala izango da. Jaizkibeldik ibilaldia, bainua eta bazkaria antolatu dituzte hilaren 15erako (iganderako). Izen emate epea zabalik da, hilaren 12ra arte (osteguna). Jarduerarekin bat egin nahi dutenek mendizaleen posta elektronikora mezua bidali behar dute (hor bazkarira joan behar duten adierazi behar dute interesdunek). Igandekoa sasoiko azken irteera izanen da; 2025-2026koak prestatzen hasteko bilera irekira deitu dituzte herritarrak Xoxolurrekoek: hilaren 17an (asteartea) izango da topagunea, plazan. Mendizaleekin bat egin nahi dutenei dei berezia egin diete, antolaketa lanean dabiltzanen laguntzaile izateko, eta erreleboa bermatzeko.
Iganderako plana, honakoa. 08:30ean geldituko dira Gurutze Santuaren plazan. Herrigunea utzi, Jaizkibelen sartu, eta Mitxintxolaraino igoko dira mendizaleak, eta eguraldia aproposa balitz, Donibanerantz jaitsi eta Alabortzan bainua hartzeko aukera izango dute hala nahi dutenek. Freskatu ondoren Lezorako bideari ekingo diote, han bazkaria izango dutelako zain, Ibaiondon: haur-gazteen menuaren prezioa 10 eurokoa da, eta helduena 20koa (ordainketa egunean bertan egin behar da). Bazkalostean sarien banaketa nahiz opari emateak egingo dituzte.
Mendirako arropa aproposa eramatea aholkatu dute Xoxolurrekoek. Ura, hamaiketakoa eta bainujantzia ere motxilan izatea ere komenigarri da.
Euskaraldiko irteera
Maiatzaren 25ean, Euskaraldiaren azken egunean eta egitasmoarekin bat eginez, Jaizkibelgo txokoak bisitatu eta horien izenak ikasteko irteera antolatu zuen Xoxolurrek Mendia eta euskara, Jaizkibelgo leku-izenak izenburukoa. 80 bat lagun elkartu ziren. Hala, Joxe Mikel Garmendia Etxandik eta Lander Zurutuza Sunsundegik ondutako Lezoko ibilbide pedagogikoak tresnaren araberako irteera izan zen, eta joko bidez, Jaizkibelgo txokoen izenak ezagutzeko aukera izan zuten partaideek, hamabi zehazki. Beheko irudian daude toki horiek guztiak (baita Wikiloc plataformako planoa ere, baten batek bidea egin nahiko balu). Behin bidea eginda, bazkaria eta dantzaldia egin zituzten eguna eta Euskaraldia egoki bukatzeko.

