Illunbe Orkestra Sinfonikoak 40 urteak ospatuko ditu bihar
Bihar 40 urte beteko dira Illunbe Orkestra Sinfonikoaren lehen kontzertua egin zenetik, eta oroitzapeneko kontzertu bat egingo dute bihar Trintxerpeko Karmengo Ama parrokian, 12:30ean.
Bihar (larunbata, hilak 14) 40 urte beteko dira Illunbe Orkestra Sinfonikoaren lehen kontzertua egin zenetik, eta urteurren horri gorazarre egiteko, trintxerpetarrek oroitzapeneko kontzertu bat egingo dute bihar Trintxerpeko Karmengo Ama parrokian, 12:30ean.
1985eko ekainaren 14ko lehen kontzertu hura Jose Luis Oconek zuzendu zuen, eta lau hamarkada geroago, bizirik eta etengabeko bilakaeran jarraitzen du proiektu musikal komunitarioak. Biharko kontzertua Joseba Garmendiak gidatuko du, eta musika bidaia bat izango da, egungo orkestra osatzen duten musikariek interpretatutako estilo eta garai ezberdinetan barrena.
Illunbe Orkestra Sinfonikoa Juanje Neira Udal Musika eta Dantza Eskolako ikasle eta irakasleek osatzen dute. Illunbe Musika Elkarteak antolatu du biharko hitzordua, eta musikak Pasaiako bizitza kulturalean duen garrantzia agerian utzi nahi dute. Kontzertuko sarrera librea izango da, edukiera bete arte.
