Gaur, Berdintasun Kontseilua sortzeko seigarren batzarra
17:30ean izango da topagunea, Kultura Aretoan. Elhuyar aholkularitzak darama prozesuaren gidaritza.
Berdintasun Kontseilua sortzeko aurretik egindako bilkura baten artxiboko irudia.Lezoko Udala Lezoko Berdintasun Kontseilua sortzeko bidean, gaur (hilak 16, astelehena) seigarren batzarrera deitu dituzte bertan parte hartzen diren eragileak. 17:30ean izango da topaketa, Kultura Aretoan. Udaletik jakinarazi dute prozesuak “bultzada” jaso duela Elhuyar aholkularitzak dinamizazio eta gidaritza lana hartu duenetik, eta abiadura hori baliatu nahi dute kontseiluaren izaera eta egitekoak behin betiko definitzen hasteko.
Udalaren arabera mahai iraunkor horrekin, emakumeen parte-hartzea, ahalduntzea eta protagonismoa sustatzeaz gain, berdintasun udal politikak era planifikatuan, koordinatuan eta elkarlanean egin ahal izateko espazio bat sortu nahi da, mugimendu feministaren, herri-eragileen eta udalaren artean. “Beste helbururik ere bada: udala eta mugimendu feministaren nahiz herritarren arteko harremana eta interlokuzioa hobetzea, berdintasun politikak herritar gehiagorengana iristea, udal jarduerak era gardenean eta parte hartzaileagoan kudeatzea eta herritarren, eragile sozialen eta udalaren arteko sinergiak indartzea”.
Orain arte Gaxuxa, Lezdi, Etxetxo, Allerru, Piztu Lezo, Ttakun eta Iruntzen Emakume Taldea elkarte eta taldeetako ordezkariak aritu dira bileretan. “Egitasmo irekia denez, berdintasun sailak bertan parte hartzeko gonbita egin nahi die berdintasunaren alde lan egin nahi duten norbanako eta eragileei”, esan dute udaletik.
