Herriko irisgarritasuna hobetzeko plana egingo du udalak
Planaren gainean hitz egiteko lehen topaketa hilaren 17an (asteartean) egingo dute, arratsaldez, Kultura Aretoan.
Bekoerrota-Altamira igogailua. Lezo denONA, denontzat prozesua abiatu du udalak, herri osoko irisgarritasuna era integralean hobetzeko xedez. Hala, prozesuaren helmuga Lezoko Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integrala (IUPI) egitea izango da, 2026-2029 urteen artean egikarituko dena osoki. “Prozesu honetan lezoarren parte-hartzea ezinbestekoa izango da, herritarren beharrak eta iradokizunak jasotzeko. Zenbat eta parte hartze zabalagoa eta anitzagoa izan, orduan eta plan aberatsagoa izango da. Beraz, herriko edozein auzotan bizi edota bertako kaleetan orduak ematen dituen herritar orori zuzenduta daude saioak, adina, jatorria eta bizi-baldintzak edozein direla ere“, esan du udalak. Hala, hori mamitzen hasteko lehen batzarrera deitu dituzte herritarrak: bihar izango da (hilak 17, asteartea) 17:30ean Kultura Aretoan.
Planaren helburua ingurune fisikoan irisgarritasunaz harago joatea izango dela zehaztu du udal erakundeak. Hala, hasteko, lau urtean egin daitezkeenak zehazteko bidea hasiko dute. “Zehaztasun honek udalaren baliabideak neurtzea eskatzen du: egin beharko litzatekeena bistatik galdu gabe, egin ditzakegunak zehaztea da asmoa. Horretarako, arazoak eta esku-hartzea lehenetsi beharko ditugu, jarduketen kostuak eta onurak ondo neurtuz. Esku-hartzeek irisgarritasuna izango dute helburu nagusi, baina hauek zehazterakoan ezinbestekoak izango dira lezoarron egunerokotasuna oinarri izango dituzten hainbat irizpide, hala nola, aniztasunari erantzutea, autonomia sustatzea edota zaintza lanak erraztea”.
IUPIaren lanketak beste hainbat gai hartu behar dituela kontuan esan du udalak. Behekoak dira, hitzez hitz:
- Irismena, udalari dagokionez. “Orain arte ezagutu ditugun Irisgarritasun Planetan lantzen zen Udalerri irisgarria esparruaz gain, Udal irisgarria esparrua landu beharko da. Hau da, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak, arreta edo komunikazioa irisgarriagoa egiteko proposamenak landu beharko dira”.
- Irismena, eragileei dagokionez. “Udalaren gidaritzarekin, herrian dauden eragile publiko zein pribatuen inplikazioa bilatu beharko luke planak”.
- Jarduketa esparrua zabaldu, baina jarduketa zehatzagoekin egin nahi du udalak. “Alegia, esparru gehiago landu beharko badira ere, indarraldia lau urtetara mugatzea ezartzen du diru laguntzak. Honek zehaztasuna eskatuko du, bai jarduketen deskribapenean bai eta horien kudeaketa edo jarraipena egingo duten arduren banaketan ere”.
- “Hirigintzatik haratago doan plana izan behar da”, adierazi du udalak. “Hirigintza Sailak bere eskumenetara hobeto egokitzen den Udalerri irisgarria esparrua har lezake bere gain, baina beste ardura batzuk (Udal irisgarria edo komunikazio lana, adibidez) beste sail batzuetara banatzea proposatzen da”.
- Zeharkakotasuna bermatu behar du planak. “Azken urteotako eraldaketarekin bat eginez, plan hau sail eta maila desberdinen artean landu beharko da. Hau eraginkortasunez egingo dela bermatzeko, ezinbestekoak izango dira konpromiso eta gidaritza politikoak”.
