Madalenetako omenduei harrera egin die udalak
Arantxa Otegi eta harekin batera udalerriko baserritarrak omenduko ditu udalak aurtengo madalenetan. Omendua izango den baserritarren kolektiboko ordezkaritzari harrera egin diote udal ordezkariek.
Madalenetako omenduei harrera egin diete ordezkari politikoek.Herri Bizia Larreaundi Baserriko Arantxa Otegi izango da aurtengo jaietako txupina piztuko duena. Hura izango da omendua, eta harekin batera, zabalagoa izango da omenaldia izan ere udalerriko baserritarrei aitortza egiteko asmoa dago izendapenaren atzean. Izan ere, hura proposatu dutenek, herriko baserritarrei oro har aitortza egiteko baliatu nahi dute izendapena.
Hori horrela, harrera egin diote baserritarren ordezkaritza bati udal ordezkariek.
Ordezkaritza horri azaldu diote omendua izateak dakartzan ekitaldi eta xehetasunak eta halaber, txupina piztuko duten balkoia bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan dute.
Erabakia hartu duten herritarrek hiru argudio nagusi eman zituzten hautagaitza babesteko: aniztasuna, lan isilaren bidez herriari egindako ekarpena, eta Otegiren kasuan emakumeen ekarpena. Aniztasunarekin udalerriari landa eremuak aniztasuna dakarkiola adierazi du herritarren batzordeak. Lan isilaren inguruan, berriz, natur ingurunearen zaintza, kalitatezko elikagaiak ekoiztea, eta bertatik bertara produktuak merkaturatzea aipatu dituzte. Azkenik, emakume baserritarrak omendu nahi izan dituela azaldu dute Otegiren bidez.
