Midas saria irabazi du Urtzi Urkizuk
Hizkuntza gutxituetan aritzen diren hedabideen berri ematen duelako jaso du saria lezoarrak. Midas hizkuntza gutxituetan ari diren hedabideen elkartea da.
Martxelo Otamendi, Edita Slezakova eta Urkizu, ostiraleko sari emate ekitaldian.Carlo Sclauzero Urtzi Urkizu Adrian lezoarrak 2025eko Midas saria irabazi du. Midas Europako hizkuntza eta hiztun gutxituen hedabideen elkartea da, eta 2001. urtetik hizkuntza horien gainean lanketa egiten duten kazetarien jarduna jarraitu, eta aitortza egiten die sariaren bitartez. Ostiral arratsaldean jaso zuen aitortza Berria-ko kazetari Urkizuk Sloveniako Vilpoze hirian; han egin zituzten elkartearen barruko batzar nagusia eta bestelako asko joan den astean. Gainera, batzar nagusi hartan zuzendaritza aldaketa ere izan zen: Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendari izandakoa izendatu duten elkarteko presidente, Edita Slezakova eslovakiarraren lekukoa hartuta. Hark eman zion saria Urkizuri, Otamendiren hitzaurrearen ondoren. Sari emate ekitaldiaren kronika Berria-n irakur daiteke.
Kronika horretan, Berria-ko kazetari Kristina Berasain Tristan kazetariak jaso moduan, Urkizuk hunkituta jaso zuen saria. Kazetaritzak egun dituen erronkez aritu zen hizketan, bereziki hizkuntza gutxituetan ari direnen erronkez: “Urteotan ikusi ahal izan dut Euskal Herritik kanpo badirela errealitate desberdinak. Haien inguruan idatzi ere egin dut, eta errealitate horietan hizkuntza da komunitateen gakoa. Hizkuntza batean hitz egiten duen herria da herri, estatu baten ala beste baten menpe egon”. Osotara, 20tik gora hizkuntzatan aritzen diren hedabideen egitekoaren eta egoeraren berri emana du Urkizuk, eta saria jasotzearen arrazoi nagusia da hura.
«Europan eta munduan gurea bezalako beste errealitate batzuk daude. Komunikabide horien guztien iraupena hil ala bizikoa da, hizkuntzentzat eta hizkuntza horiek hitz egiten dituzten komunitateentzat. Behar-beharrezkoa da erakunde publikoek hori aintzat hartzea, eta haien iraupena bermatzea”, nabarmendu zuen Urkizuk. Gainera, Euskaldunon Egunkaria-ko nahiz Berria-ko lankideei eskerrak eman zizkien, eta Patri Urkizu aita ere gogoan izan zuen.
Urkizu Midas irabazten bigarren kazetari euskalduna izan da. Lehena Ainara Mendiola oiartzuarra izan zen, Berria-ko kazetaria hura ere, 2004. urtean.
Ostiraleko astekarian Urkizuri egindako elkarrizketa publikatuko du HITZAk.
Ekitaldian bertsoa bota zuen lezoarrak. Ondoko bideokoa da.
