Desplazamenduetan ere arduratsuak dira
Eskola Kirolean, kirola eta osasunarekin batera, desplazamendu arduratsuak sustatzen dituzte. Gaur banatu dizkiete konpromiso hori muturrera eramaten duten ikasle eta ikastetxeei sariak.
Bizarain Ikastolan egin dute sari banaketa gaur goizean.Oarsoaldeko Eskola Kirola kirola eta osasuna sustatzea du helburu Eskola Kirola programak LHko ikasleen artean. Ez hori bakarrik, bestelako balio eta konpromisoak ere saiatzen da bultzatzen haur eta nerabeek beregana ditzaten. Horietako bat estu-estu dago lotuta ingurumenarekin, izan ere, 2014az geroztik ari dira sustatzen desplazamendu iraunkorren aldeko filosofia; eta pixkana bada ere, ari da emaitzak ematen.
Kontzientzia hartze eta konpromiso horrek badu ordainik, eta horrela, desplazamendu iraunkorrak egiten dituztenen artean, eta zehazki, konpromiso hori muturreraino eramaten dutenek saria jasotzen dute ikasturte bukaeran.
Gaur egin dute sari banaketa hori Bizarain Ikastolaren Lehen Hezkuntzaren eraikinean. Datuak eman dituzte bertan, ikasleek iraunkortasunaren alde hartzen duten konpromiso a erakusteko. Hala, ikasturte honetan %1,39an egin du gora biziklteaz edo patintez egindako desplazamendu kopuruak eta une honetan, Eskola Kirola programan parte hartzen duten Oarsoaldeko ikastetxeetako haurren %3,34 desplazatzen dira horien bidez.
Desplazamendu iraunkorren kopurua, berriz, hau da, oinez, bizikletaz, patinetez, garraio publikoa baliatuz edota elkarbanatutako autoaren bidez, %46,1ekoa izan da.
Datu horiek eskutan zehaztu dituzte Eskola Kiroleko Mahaiko ordezkariek datorren ikasturteari begirako helburuak. Autoz bakarka egindako desplazamenduak %50etik beherakoak izatea dute erronka, baita bizikleta edo patineteekin egindako desplazamendua sustatzen jarraitzea ere.
Saritutako ikasle eta ikastetxeak
- Elaia Etxegoien, Pasaia Lezo Lizeoa. Bera izan da bizikletaz desplazamendu gehien egin dituen ikaslea. Bizikleta bat jaso du.
- Bizarain Ikastola (Errenteria-Orereta). Ikastetxe hori izan da bizikletaz desplazamendu gehien egin dituen ikastetxea. Bi bizikleta jaso ditu.
- Koldo Mitxelena herri ikastetxea (Errenteria-Orereta). Ikastetxe hori izan da desplazamendu iraunkor gehien egin dituena (Bizikletaz, oinez, garraio publikoa baliatuz, patinetez edota elkarbanatuta auto bidez”.
- Laiene Jauregi, Haurtzaro Ikastola. Ikasturtean bizikletaz gutxienez behin desplazatu direnen artean izateagatik patinete bat jaso du.
