Ontziola txiki batean bihurtuko da Kultura Aretoa
Juan Luis Urkizuk egindako itsasontzien maketen erakusketa jasoko du herriko aretoak hilaren 20tik 22ra.
Erakusketaren kartelaren zati bat. Itsasoarekiko pasioa, zehazki itsasontziekiko pasioa du Juan Luis Urkizu lezoarrak. Horren seinale da itsasontzien maketak egiten dituela, eta zer eta nola sortzen duen erakusketa antolatu dute artisauak eta Lezoko Udalak hilaren 20tik 22ra (ostiraletik igandera). Maketak ikusteaz gain, egilearen azalpenak jasotzeko aukera izango da hiru egunetan. Itsasontzien maketa erakusketa jasoko du Kultura Aretoak; ontziola txiki batean bihurtuko da bertako gela balioanitza.
Ostiraleko (hilaren 20ko) 18:00etan zabalduko dute mostra, eta lehen egun horretan 20:00ak arte izango da zabalik. Larunbatean goiz eta arratsaldeko ordutegia izango du: 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara. Igandean, berriz, 11:00-13:30 tartean ikusi ahalko dira ontzien maketak.
