Erasoen aurkako protokoloa aurkeztu dute
Jai inklusiboak eta indarkeria matxista, LGTBIQ+fobikoa eta arrazismorik gabekoak bultzatzeko kanpaina garatu dute udalak eta herriko eragileek.
Uda hemen da, eta uda hastearekin batera, Pasaiako lau barrutiak herriko festen zurrunbiloan murgilduko dira. Donibanen sanjuanak ospatuko dituzte bihartik aurrera, eta, ondoren, sanpedroek hartuko dute ospakizun horien lekukoa. Herriko jaiak, gainera, larunbatean aurkeztuko dituzte San Pedroko Herriko plazan, 12:00etan.
Teo Alberro alkateak adierazi du udako jaiak Pasaiaren adierazgarrietako bat direla, herritarren arteko elkargune, ospakizun eta bizikidetza espazio baitira. Jaiak, nola ez, guztionak dira, eta guztiontzat seguruak eta errespetuzkoak izan behar direla argi du Pasaiako Udalak. “Ez da nahikoa ondo pasatzea, ezinbestekoa da guztiei askatasunez bizitzeko eskubidea bermatzea inolako beldurrik gabe”, adierazi du alkateak.
Horren harira, Pasaiako Udalak, aurten ere, jai inklusiboen aldeko aldarria egin du, eta irmo gaitzetsi ditu indarkeria matxista, LGTBIQ+fobikoa eta arrazismoa. Ozen esan dute indarkeriarik gabeko festak nahi dituztela, eta horiek gabeko jaiak bultzatzeko kanpaina aurkeztu dute gaur Donibaneko Santiago plazan Teo Alberro alkateak, Laura Ré Berdintasun zinegotziak, Jaione Gomez eta Laura Roux Berdintasun teknikariek, Alazne Mendikute Jaietako teknikariak eta Lierni Aranbarri udaltzainak, Eraso sexistarik eta LGTBIQ+fobikorik ez! lelopean. “Jakitun gara ez dela nahikoa hau hitzez adieraztea, ekintzek hitzei jarraitu behar diete, hau gorpuztu dadin. Gure herriak ez du inolako erasorik onartuko, eta horren kontra egiten jarraituko dugu, hitzez haratago, ekintzekin”, esan du alkateak.
Pasaiatar guztientzako jai seguruak eraikitzeko, neurriak, baliabideak eta protokoloak garatu dituzte udalak eta herriko eragileek, elkarlanean; eta hori guztia ikuspegi feminista intersekzionaletik. Neurri horiek erasoen prebentziorako eta arreta integralerako baliabideak eskainiko dituztela baietsi du Alberrok, eta argi esan du zein den udalaren konpromisoa: “Jai libre, berdinzale eta seguruak eraikitzea guztion artean”.
Protokoloaren ezaugarriak
Rék erasoen aurkako protokoloaren inguruko xehetasunak eman ditu: “Protokoloak helburu argia du: jai eragileei baliabideak eskaintzea indarkeria matxistak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko baliabide nahikoak ematea, jarduera eta espazio guztietan errespetuzko eta segurtasuneko giroa sustatuz”. Protokoloa garatzeko, Mugimendu Feministaren eta gizarte eragileen parte hartzea eta ekarpena “funtsezkoa” izan dela nabarmendu du Alberrok.
Iaz egin bezala, Jaietan libre zigilua erabiliko da, berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko jaien aldeko konpromisoa adierazteko. Aurtengo jaietan, leku esanguratsuetan dauden olanez gain, telefono bidezko 24 orduko arreta zerbitzua (747 48 54 45) eskainiko dela aurreratu du Rék, barruti bakoitzeko egun seinalatuetan espezializatutako langileek kudeatuko dutena. Horrez gain, olana, kartel eta identifikazio elementu berriak diseinatu dituzte, pasaitar gehien biltzen diren leku estrategikoetan telefonoa ikusgai egin dadin. Aurtengo kartela Izaro Mariezkurrena artista pasaitarrak egin du. Aldi berean, 7.000 eskuorri banatu dira, arretarako telefonoa duen esku txartel batekin, eta webgune bat ere sortu dute informazio praktikoa eta laguntza baliabideak emateko. Baliabide horien guztien bidez gogoraraziko dute Pasaiak ez duela inolako erasorik onartuko eta horien aurka egiten jarraituko dutela udalak eta herriko eragileek.
Era berean, gazteen joan-etorri handieneko guneetan eta txosnetan kartelak eta arretarako telefonoak jarriko dituztela nabarmendu du Rék. Horrez gain, sexualitatearen bizipen osasuntsua, baimendu eta indarkeriarik gabea sustatzeko, preserbatiboak banatuko dituzte txosnetan, Gehitu Gay, Lesbiana, Trans, Bisexual eta Intersexualen euskal elkartearekin elkarlanean. “Jaiak askatasunez bizitzeko eskubidea guztiona da, eta protokolo honen bidez tresna praktiko eta kolektiboak jartzen dira martxan, indarkeriarik gabeko espazioak sortzeko”, adierazi du udal hautetsiak.
Estrategia garatzeko, udala jai batzordeetan izan dela jakinarazi du Rék, haiei ere protokoloen oinarriak azaltzeko. Horrez gain, prestakuntza teoriko-praktikoa egin dute udaltzainekin eta txosnetako arduradunekin. Elkarlan horri balioa eman dio udal hautetsiak: “Honek guztiak erakusten du prozesua ez dela bakarka egiten, ezinezkoa litzateke hori. Pasaiako Berdintasun Mahaiarekin eta eragileekin elkarlanean garatu dugu estrategia. Elkarrekin komunitate arduratsu eta aktiboa eraikiko dugu”.
