Beteranoak I. Adinberri banderaren lehian arituko dira bihar
Trintxerpeko Illunbe Arraun Elkarteak antolatuta, Beteranoen I. Adinberri bandera jokatuko da bihar Pasaiako badiako uretan, 16:30etik aurrera.
Bihar (larunbata, hilak 21) Beteranoen I. Adinberri bandera jokatuko da Pasaiako badiako uretan. Trintxerpeko Illunbe Arraun Elkarteak antolatuta, estropada 16:30ean hasiko da, eta Pasaiako Udaleko ordezkariek, Teo Alberro alkatea buru, sariak banatuko dituzte Trintxerpen prestatu den oholtza batean. Horrez gain, 18:00etatik aurrera, musika, paella eta jarduera gehiago antolatu dituzte Illunbeko kideek Trintxerpeko frontoian.
Atzo aurkeztu zuten Beteranoen I. Adinberri bandera, eta bertan izan ziren Raquel San Sebastian Adinberriko zuzendaria, Illunbeko Jokin Pego eta Olatz Hermo, Aintzane Taberna Pasaiako alkateordea eta Julen Rodriguez Kirol zinegotzia.
Estropadan 20 traineruk parte hartuko dute. Gipuzkoakoak, Bizkaikoak eta Katabriakoak; beteranoen Zipr-18/70 ligaren barruko proba puntuagarria izango da Trintxerpe-Illunbek antolatutakoa.
Hala, etxeko bi traineru izango dira 20 horien artean: gizonena, eta emakumeena. Biak ala biak bikain ari dira liga horretan, gizonen kasuan goiko postuetan beti, eta emakumeenean eskarmentua hartzeko zereginean. Izan ere, emakume beteranoen traineruko kide gehienak hasiberriak dira, eta aurtengoa arraunean trebatzeko eta gozatzeko urtea dute. Ondarroako emakumeen trainerua ere gonbidatu dute biharko estropadara.
