Euskara errazean eman diote arnas hizkuntzari
Badalab hizkuntza berrikuntza laborategiak sustatuta, Euskaraldi Indartua egin dute 26 lagunek hilabete eta erdiz. Esperimentazioaren balorazioa egin dute hura bukatuta.

Esperimentazio berria jarri zuten martxan Badalabek eta Soziolinguistika Kulsterrak elkarlanean pasa den maiatzaren 8an, Euskaraldi Indartua Errenteria-Oreretan. Hilabete pasa aritu dira horretan murgilduta 26 lagun: zazpi belarriprest, eta Koldo Mitxelena herri ikastetxeko hezkuntza komunitateko, udal langile eta ordezkari, zein euskararen normalizazioan aliatuak diren eragileetako 19 kide.
Esperimentazioa bukatuta, baloraziorako txanda heldu zen atzo. Saioa egin zuten Badalaben egoitzan, euskara eta haren erabilera hauspotu eta handitzeko hazitegian Euskaraldi Indartua Errenteria-Oreretan saioan parte hartu duten pertsonetako batzuk. Raul Perez Soziolinguistika Klusterreko kideak eta Izaro Arruti Badalabeko kideak eta Ulersaioetan irakasle aritu denak egin zuten atzoko aurkezpen lana. Euskaraldia indartua kokatu zuten lehenik, ez baita ezerezetik sortu. Atzean, Aldahitz ikerketa barruko tresnekin egindako esperimentazioa dago, Ulersaioak eta Ulerrizketak. Horietako lehena, Ulersaioak, 2023ko urrian jarri zuten martxan Badalabetik, eta aurtengo martxoan bukatu. Orduan abiatu zuten esperimentazioaren bigarren bidaia, Ulerrizketekin, horien gaineko formazio saioak eginda.
Bien arteko ezberdintasunak azaldu zituen Perezek atzoko saioan, euskaraz osorik, baina hizkuntza egokituta bertaratutako guztiek uler zezaten. Ulersaioak gela barruan eta irakasle batek, Izaro Arrutik, gidatuta egin zituztela jarri zuen nabarmen Perezek, “Ulerrizketak, bigarren urratsa, gelatik kanpo egin da belarriprest bat eta konfiantzazko pertsona baten artean. Hori da hizkuntza ohiturak aldatzeko bigarren urratsa”.
Maiatzean heldu ziren prozesuaren hirugarren geltokira: Euskaraldi Indartura. Hilabete eta hamar egun eman dute esperimentazio horretan Ulersaioen promozioko zazpi ikaslek, hainbat herritarrekin elkarlanean. Argi adierazi zuen Perezek atzoko saioaren helburua, “ez da egin duzuenari nota jartzeko, ez da esateko ongi edo gaizki egin duzuen, baloratzeko baizik, gogoetatzeko egin dugun honek zer eman duen”.
Lan taldeetan banatuta jarraitu zuten saioan Euskaraldi Indartuko parte hartzaileek, ondo ateratakoak, gaizki ateratakoak, zein izan ditzaketen proposamenak aztertzeko denen artean.
Bertan izan zen Leire Mazizior Egilegor Hizkuntza Politiketako zinegotzia. Gisa horretako esperimentazioen onurak nabarmen jarri zituen eta baita hizkuntzaren arloan ezarritako proposamen berritzaileen garrantzia ere. Prozesua ematen ari denarekin pozik eta baikor azaldu zen Mazizior, eta udalaren konpromiso betea adierazi zuen lanketa bide hori sustatzen jarraitzeko.
Atzoko saioan gonbidatu berezia ere izan zuten, Rosita andereñoa —Itziar Saenz de Ojer, antzezle arabarra—. Esperimentuan aritu direnak “sagutxoak bezalakoak” direla esan zuen, “hau esperimentua izan da eta zuek esperimentuaren sagutxoa”. Pozik azaldu zen parte hartzaileen aurrean, “erronka zaretelako eta leiho berri bat euskararentzat”.