«Hau guztia pasaitarrengatik eta pasaitarrei esker egin dugu»
Bi urte bete berri dira Teo Alberro Bilbaok Pasaiako aginte makila hartu zuenetik. Agintaldiaren lehen erdiaren balorazioa egin du alkateak, eta baikor baloratu du orain artean osatutako ibilbidea.
Teo Alberro Bilbao, Pasaiako alkatea. Duela bi urte hartu zuen agintea EH Bildu eta Podemosek osatutako udal gobernu berriak Pasaiako Udalean. Orduz geroztik, gobernuak agintaldiaren hasieran herritarrei aurkezturiko 100 neurriz osatutako Agintaldi Plana osatzeari ekin dio. Gaur-gaurkoz, neurri horien %60 eginda edo amaitze bidean daudela iragarri du alkateak. Alberrok agintaldi erdiaren balorazioa egin du, eta aitortu du abiadak «errazak» izan ohi ez diren arren, gai estrategikoei merezi duten denbora eskaintzea eta erabaki horietan bizilagunen hitza txertatzea «emaitza sendo eta erabakigarriak» ekartzen ari dela Pasaiarentzat eta pasaitarrentzat.
2023ko ekainean hartu zenuten agintea. Zein zen une hartako lehentasun nagusia?
Lehen egunetik argi izan genuen gure ardatza izango zela bizilagunekin gertuko harremana berreskuratzea eta udala herriari gerturatzea. Pasaitarrengandik eta pasaitarren errealitatetik oso urrun zegoen udala baitzen topatu genuena. Horrez gain, pasaitarren bizi-baldintzak hobetzeko, Agintaldi Plana osatu genuen 100 neurri zehatzekin, eta bizilagunen eskura jarri genuen hasieratik.
Lehen urratsak egiturazkoak izan ziren: udalaren antolaketan eta araudi zaharkituetan esku hartu, urte luzez baztertuta eta geldirik egon diren proiektuak aktibatu, eta herritarren kezkak entzuteko mekanismoak eraikitzeari ekin.
Zer nabarmenduko zenuke lehen bi urte hauetan lortutakoaz?
Neurri konkretuetan begirada jarriz, agintaldi erdian konpromisoen erdia baino gehiago burutu edo abiarazi ditugu. Zehazki, Agintaldi Planeko neurrien %60 dago amaituta edo amaitzear, eta beste %27 martxan.
Adibide batzuk: aparkatzeko ordenantza martxan jarri dugu, urte luzez geldirik eta konponbide errealik diseinatu gabe egon ondoren. Zaintza-sisteman, eta zehazkiago, etxez etxeko arreta zerbitzuan, aurrekaririk gabeko inbertsioa egingo dugu, zaintzaileen lana duintzeko eta arreta jasotzen duten pasaitarrentzako zerbitzua hobetzeko. Hondakinen sailkapenaren egoera oso kritikoa zen Pasaian, urte luzez ez zaiolako gaiari merezi duen garrantzia eman; eta guk, hondakinen kanpainari esker, urtebetean birziklapen-tasa %5,5 haztea lortu dugu. Gainera, udalaren barne-antolaketan urrats sendoak eman ditugu, langileen balorazio-prozesua martxan jarriz euren aldarrikapenei jarraikiz, edo ordenantza zaharrak eguneratuz herritarren egungo errealitatera egokitzeko. Udal-zerga eta tasen eguneraketa prozesuan ere murgilduta gaude; gure helburua da herritarren ekarpenak euren egoera ekonomikoaren arabera egokitzea, fiskalitate bidezkoago baterako bidean.
Pasaiaren eta Portuaren arteko harremanak aspaldiko kezka dira Pasaian. Zein urrats egin dituzue?
Argi dugu portuak gure egunerokoan sortzen dituen ondorioengatik, pasaitarroi konpentsazio duin bat zor zaigula. Horregatik, dagoeneko lanean ari gara eta bilera izan dugu Foru Aldundiarekin nahiz Portuko lehendakari berriarekin, kalte horiengatiko konpentsazioa lortzeko.
Zaintza izan da zuen agintaldi erdiaren ardatzetako bat.
Zaintza eredu berria dugu jomuga, eta horretarako argi dugu baliabideak jartzea ezinbestekoa dela. Etxez etxeko laguntza zerbitzurako ekarpen ekonomikoa indartu dugu, bai zerbitzuaren hobekuntzarako, bai langileen lan-baldintzetan eragiteko. Horrek guztiak, jakina, zaintzaile direnen nahiz zaintzak jasotzen dituztenen bizitzetan eragina izango du.
Gainera, 65 urtetik gorako pasaitarren egoerari buruzko diagnostiko bat egin dugu, zaintzaren inguruko politikak datuetan oinarrituta bideratzeko. Horren emaitzen berri aurki emango dugu.
Diagnostikoez ari garela, LGTB Bizitzak proiektua ere garatu duzue.
Bai. Pasaiako komunitatearen egoerari buruzko diagnostikoa egin dugu, euren egoera eta beharrak zeintzuk diren bertatik bertara ezagutzeko. Dagoeneko jaso dugu txostena, eta egoera oso gordina mahai-gaineratzen digute datuek. Horietatik tiraka, udal politika bidezkoagoak diseinatu ahalko ditugu aurrerantzean urte luzez marjinetan egon izan diren kolektiboen bizi-baldintzetan azpimarra jarriz. Horrekin bat, jaietako protokolo feminista ere osatu dugu, eraso matxisten aurkako neurri aktiboekin. Pasaian aske bizi ahal izateak ez lukeelako eztabaidagai izan behar ere.
Egin izan dituzuen proiektu horietan, ikuspegi parte-hartzailea txertatzeko ahalegin berezia egin duzuela aipatu izan duzu.
Hala da. Gure oinarrian dago herritarrengandik gertu egongo den udala, gobernua, eraikitzea. Eta horretarako, sinetsita gaude ezinbestekoa dela pasaitarren ahotsa txertatzea hartzen ditugun erabaki garrantzitsuenetan; izan ere, guretzat ez dago zalantzarik bizilagunek zeresana izan beharko luketela euren egunerokoan erroko eragina duten neurrietan.
Hori dela eta, lehen momentutik berraktibatu genuen Alkateordetzen zerbitzua, eta berriki Barruti Batzarren sistema jarri dugu martxan. Jada amaitu dugu barruti guztietako lehen erronda. Oso harrera ona jaso dugu barruti guztietan. Prozesu horretan jasotako proposamenak sistematizatzen ari gara orain, eta herritarrei itzuliko dizkiegu gero. Gure asmoa eta konpromisoa da batzar hauek urteroko dinamika bihurtzea, bizilagunekin hartu-emanerako bide iraunkor berri bat zabalduz.
Beste zein arlotan eman dituzue urrats esanguratsuak?
Merkataritza txikia sustatzeko hainbat dinamika abiatu ditugu, eta Laurak Batekin hitzarmen berria sinatu dugu hori guztia arautzeko. Udaltzaingoaren barne-antolaketan ere aldaketak egin ditugu, oinezko patruilak ugarituz eta zerbitzua gerturatzeko helburuarekin, eta lan poltsa propioa eratzeko hausnarketari ere aurki ekingo diogu. Era berean, bizilagunen eskaeretatik abiatuta, kale-garbiketan lehen aldiz igandeko zerbitzua ezarri dugu uda sasoian; iaz egin genuen, eta aurten ere zerbitzu hori emango dugu.
Eta etxebizitza? Beste herri askotan bezala, egoera muturrekoa baita Pasaian.
Bai, zalantzarik gabe; eta hala berretsi digu egin berri dugun Etxebizitza Diagnostikoak ere. Horregatik, Pasaia «tentsionatutako eremu» izendatzeko eskaeraren prestaketa amaitzen ari gara, eta dagoeneko ekintza-planerako proposamena ere jaso dugu. Horrekin batera, HAPO elkarrekin diseinatzeko prozesu parte-hartzailean murgilduta gaude orain.
Zein balorazio egiten duzu, orokorrean, agintaldiaren lehen erdia igarota?
Balorazio oso baikorra. Geldirik zeuden proiektu, eskaera eta araudiei heldu diegu, konpromisoz. Herritarron aldarrikapen historikoei entzungor egitea ez da aukera bat guretzat. Administrazioaren denborek eta burokraziek erritmoak nahiko genukeena baino gehiago moteldu arren, aurrera goaz. Eta egindako lanaren emaitzak ikusten ari gara jada.
Aurrera begira, erritmo hori arindu eta bide berriei ekingo diegu. Gai estrategikoei merezi duten denbora emateak eta herritarren hitza erabakietan txertatzeak emaitza sendoak dakarzkie Pasaiari eta pasaitarrei. Eta hala jarraituko dugu lanean, pasaitarrekin, pasaitarrentzako eta pasaitarrei esker.
