Suaren bueltan eta dantzan hasiko da Lezoko uda
Astelehenean egingo dute San Joan egunaren bezperako sua, Gurutze Santuaren plazan. 30 dantzari inguruk parte hartuko dute bertan.
Gozo hasiko du lezoarrek uda. Ohitura dute ekainaren 23ro Gurutze Santuaren plazan bildu, eta suaren alboan dantza egiteko. Aurten ere hala izango da. Udako solstizioaren festa ospatuko dute lezoarrek, komunitatean.
Asteleheneko (hilaren 23ko) 21:45ean Tomas Garbizu Musika Eskolatik herriko dantzariez osatutako dantzari-sokak plazarako bidea hasiko du, Munttar Txistulari Taldearen doinuekin. Behin plazan, 22:00etan, San Joan bezperako soka-dantzan Aurreskuaren dantza guztiak dantzako dituzte; sua piztu, eta ondoren plaza nahi duenena izango da, erromeria hasiko delako.
30 bat dantzarik parte hartuko dute San Joan bezperako jardueran. Gau argitsua izango da beste behin Lezokoa, urteko motzena.
