Euriak bainatu arren, pozik
Joan den igandean egin zuen Xoxolurrek sasoiko azken irteera, bazkari eta guzti. Datorren ikasturterako urratsak egiten hasi dira.
Lezoko mendizaleak, joan den igandean. Itsasoan, Donibaneko Alabortzan bainatzeko asmoa zuten, baina ezin eguraldi eskasagatik. Euriak busti zituen. Joan den igandean (hilaren 15ean) egin zuen Xoxolur Mendi Klubak sasoiko azken mendi irteera: plazatik Mitxintxolaraino igo, Donibanera jaitsi Alabortza penaz pasatuta, eta herrira buelta. Jada Lezon, bazkari oparoa egin zuten Ibaiondon, baita sariak eta bestelakoak banatu ere. “Gustura egon ginen. 25 bat lagun izan ginen ikasturteko azken irteera horretan. Hurrengo sasoian, gehiago”, esan dute mendizaleek.
Bestalde, asteartean batzar irekia egin zuten plazan Xoxolurreko kideek, 2025-2026 sasoiko irteerak prestatzen hasteko, eta aldi berean taldeari ekarpena egin nahi dioten familien konpromiso bila. Bada, albiste onak: erreleboa badute orain arte taldearen gidaritzan izan direnek. Izan ere hainbat familia prest agertu ziren ardurak hartzeko, eta hurrengo sasoian haiei esker egingo du bidea mendia, familia giroa eta euskararen erabilera bermatzen duen eragileak.
