Festa usaina San Pedron
San Pedroko festak ostegunean hasiko diren arren, asteburu honetan horiek berotzeko hainbat ekitaldi izango dira.
Hilaren 26an, ostegunarekin, hasiko dira ofizialki 2025eko San Pedroko festak. Alta, Jai Batzordeak asteburu honetarako, eta hurrengo astearen hasierarako hainbat ekitaldi antolatu ditu. Sanpedroen egun ofizialetan jarduera guztiak ezin kabitu antza, eta erabaki dute barruti moreko festen aroak normala baino luzeagoa izan behar duela. Asko gozatuko dute sanpedrotarrek, eta hala nahi duten guztiek, itsaso ondoko jaietaz.
Aldarrikapena, txapelketak, kirol jarduerak estropadak, mariatxiak, Galiziari keinuak, Pasaiako festak aurkezteko ekitaldia… Asko dute sanpedroen atarikoek, asteburu honetan batik bat. Beheko zerrenda, datozen egunetarako Jai Batzordeak antolatu dituenak.

San Pedroko festak. Atariko ekitaldiak.
Gaur (hilak 20, ostirala)
- 18:30. San Pedroko zebrabidea LGTBIQ+ kolektiboaren ortzadar banderaren koloreekin margotzeko deialdia.
Bihar (hilak 21, larunbata). Arrantzalez janzteko deia egin diete sanpedrotarrei.
- 07:30. Arraitxiki txapelketaren hasiera, eta eguerdi partean, sari banaketa eta saiheski nahiz sardina jana Torreatzen.
- 12:00. Pasaiako festen aurkezpena herriko plazan.
- 16:00. Herri triatloia Torrean.
- 18:00. La Cepa tabernan, helduentzako Braulio Del Dedoren omenezko bote txapelketa.4
- 18:30. Novas Fontes gaita bandaren kalejira.
- 18:00-20:00. Arrantzaleen auzoko ludotekan, argazki erakusketa.
- 20:00. Pintxo galiziarrak ludotekaren kanpoaldean.
- 20:30. Arrantzaleen auzoan, Azteca mariatxien taldea.
- 21:00. Novas Fontes elkarteari aitortza ekitaldia.
- 22:00. Disko festa.
Etzi (hilak 22, igandea)
- 11:30 eta 12:15. Estropadak badian. 11:30ean, emakumeen ETE Ligako Pasaiako XII. Ikurrina; 12:15ean, gizonen KAE1 Ligko II. Adinberri Bandera-Pasaiako XL. Ikurrina.
- 14:00. 80 urtekoen bazkaria.
