Topoa hirian integratzeko udal proposamenari "propaganda hutsa" iritzi dio PSE-EEk
Azterketa teknikorik ez izatea ezta bideragarritasun ekonomikorik ere egotzi dio proposamenari.
Propaganda kanpaina. Hala izendatu du Bide Berria Topoa udalerrian integratzeko proposamena alderdi sozialistak. Bide beretik egin zituen adierazpenak duela hamabost egun, baina gaur “probak” dituela esan du komunikabideetara helarazitako prentsa ohar bidez. “EH Bilduk propaganda kanpaina egin du eta horretarako 25.000 euro baliatu ditu diru publikotik, atzean benetako proiekturik izan gabe”.
EH Bildu jarri dute sozialistek jo mugan, baino Bide Berria proposamenarekin udalean ordezkaritza duten bost alderdi politikoetatik lauk babestu dute: EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek, EAJk eta PPk, eta hura aurkezteko prentsa agerraldian alderdi horietako guztietako ordezkariek hartu zuten parte. Auzoetan egindako aurkezpenetan ere ari dira parte hartzen.
Bide Berria proposamenaren inguruan hainbat galdera egin dizkiola gobernu taldeari eta erantzuna “onartezina” dela gaineratu du alderdi sozialistak, “asteetako publizitatearen ostean sozialistok esandakoa baieztatu da, infografia eta iragarpen handien atzean ez dago proiektu teknikorik, ezta bideragarria den azterketa ekonomikorik ere. Proiektua osorik eskatu dugu proposamen teknikoa eta ekonomikoa barne eta erantzuna simulazio grafikoak zituen plano soila izan da”.
Hirigintza azterketa ere eskatu zutela gaineratu du alderdi sozialistak, “ez da txosten teknikorik egin. Plan eraldatzaile gisa aurkeztu den 65 milioi euroko proiektua orri eta plano bakarrera mugatzen da”.
Baleko proiektu bakarrak Eusko Jaurlaritzak Galtzarabordako geltokia estali, eta Erdialdea eta Gaztaño bereizten dituen trenbide pasabidea ezabatzekoak direla gaineratu dute sozialistek, “bietan, gure alderdiak eta herritarrek egindako ekarpenak jaso dira, hala nola, igogailua eta bidegorria”.
