Galiziako astea, bihartik
Gipuzkoako Galiziako Etxeak antolatu du, eta hilaren 29ra arte Galiziako kulturaz eta gastronomiaz gozatzerik izango dute bertaratzen direnek.
Iazko irudi bat, Zumardiko karpan. Galiziako Kultura, Folklore eta Gastronomia Astearen hogeita hamalaugarren ekitaldia hasiko da bihar. Gipuzkoako Galiziako Etxeak antolatu du, eta hilaren 29ra arte Galiziako kulturaz eta gastronomiaz gozatzerik izango dute bertaratzen direnek. Hitzaldiak, poesia errezitaldia, musika emanaldiak, film emanaldia, antzerkia eta gastronomia eskaintza zabala ondu du.
As neves Somnia Menendezek zuzendutako filmarekin hasiko dute astea bihar. Galegoz izango da filma eta OzZinemarekin elkarlanean antolatu dute. 19:00etan izango da Niessen zinemetan. Asteazkenean, berriz, Mikel Dieguezek Ouro negro: a historia das minas de Vilardecervos liburua aurkeztuko du Lekuona Fabrikan 18:30ean hasita. Wolframioa eta eztainua erauzteko lanen berri emango du, baita urre beltzaren sukar izenez ezaguna egin zenaren ondorioak azalduko ditu. Galizian nazien Alemaniaren garaiko enpresak ezarri ziren bertan, eta aldi berean, aliatuek mineral exkaxa lortzeko lehian ari ziren II Mundu Gerran erabili nahi zituzten armak egiteko.
Astearen barruko hurrengo hitzordua, Xoxe Estevez idazle, irakasle, eta historialariarekin eta Iñaki Anasagasti politikariarekin izango da ostegunean. Homenaxe do goberno vasco a Castelao en Paris (1950) liburua aurkeztuko dute biek Lekuona Fabrikan, 18:30ean hasita.
Postu gastronomikoen inaugurazioa
Agintariei harrera eta gastronomia postuen irekiera egingo dute, bestalde, hilaren 27an, ostiralarekin, 20:00etan Zumardian. Asteburu osoan zehar dastatu ahalko dira Galiziako produktuak bertan, baita erosi ere. Ez da horretara mugatuko ordea, egitaraua. Larunbata 28an, Galegoz eta euskaraz eginiko errezitaldi poetikoaren txanda helduko da. Lekuona Fabrikan ariko dira Xoxe Estevez eta Antton Kazabon irakurraldi horretan, Xoxe Estevez, Xoan Alonso eta Antton Cazabon ariko dira Edurne Saizar, Oihane Mitxelena, Haizea Lekuona eta Endika Loiola musikariekin batera. 11:30ean izango da hori.
Musikak hartuko du lekukoa, 13:00etan eta Zumardian Trisquele gaiten bandaren emanaldia izango da, eta arratsaldez, 18:00etan berriz, haurrei begirako antzerkia Titiricircus konpainiaren eskutik. Tanxarina emanaldia eskainiko du taldeak. Ez da hor bukatuko larunbateko egitaraua; Oiartzungo Herri Musika Eskolako biolin taldeak emanaldia eskainiko du Zumardian bertan. Horren ostean, berriz, queimada egingo dute eta doan banatu bertaratzen direnen artean 22:30ean.
Igandea 30ean berriz, Trisquele Gaita bandak girotuko du astea Zumardian 12:30ean egingo duen kontzertuarekin.
Gastronomia postuak ostiraletik igandera izango dira zabalik, eta olagarroa, lakoia, enpanadak, tarta, hestebeteak eta Padroiko piperrak.
