Aste honetan, hiru auzo batzar Lezon
Udal gobernuko ordezkariak Pisbe-San Pedro-Lopeneko, Gaintxurizketako eta Altamirako bizilagunekin bilduko dira.
Ostegunean izango da Altamirako batzarra. Lezoko Udalak auzo batzarren dinamikari ekingo dio aste honetan. Zehazki, udal gobernuko kideak Pisbe-San Pedro-Lopeneko, Gaintxurizketako eta Altamirako bizilagunekin izango dira euren behar kezka eta ekarpenak jasotzeko. Gainera, udal ordezkariek agintaldi erdiko balantzea egin, eta datozen bi urteetarako auzo bakoitzaren erronkak eta lehentasunen berri emango dute.
Asteko lehen bilkura bihar (hilak 24, asteartea) egingo dute Pisbe-San Pedro-Lopeneko, Ehiza elkartean (18:30). Hurrengoa hilaren 25ean (asteazkenean) jasoko du Gaintxurizketako Irurtzun Berri jatetxeak (18:30), han bilduko direlako auzo horretako bizilagunekin. Asteon izango den azken batzarra Altamirako auzotarrei dagokie, Altzate Auzo Elkartean izango dituztelako aurrez aurre udal ordezkariak ostegunean (18:30).
“Bilera hauen helburua auzoetako bizilagunekin auzoan hautematen dituzten beharrak, bizilagunen kezkak eta hobetzeko dituzten proposamenak jasotzea da”, Mikel Arruti alkateak azaldu duenez: “Bizilagunak bizi dira auzoetan eta haiek azal dezakete zein den auzoaren egoera hobekien”.
