85 langile kaleratu nahi ditu Interal enpresak
85 langile kaleratu nahi dituela adierazi du bertako langileen batzordeak, enplegu erregulazio espediente bidez. Mobilizazioak iragarri dituzte langileek.
Hitzarmenaren alde Interaleko langileek martxoan egindako elkarretaratzearen irudia. Lezoko Interal enpresak 85 langile kaleratu nahi dituela adierazi du bertako enpresa batzordeak, enplegua erregulatzeko espediente bidez; batzorde horretan bosna ordezkari dituzte ELA eta UGT sindikatuek, eta hiru CCOOk. Enpresak hilaren 16an jakinarazi zien 85 langileei kaleratzeko asmoa.
Osotara 226 pertsonako langile taldea du Interalek, beraz, haien heren bati aplikatu nahi diote enplegua erregulatzeko espedientea. “Erabaki oso traumatikoa da, eta printzipioz 85 langileri eragin diezaioke. Enpresak dagoeneko izendatu ditu pertsona hauek, eta horrek haserre handia piztu du”, zehaztu dute batzordekideek. Horren aurrean, “enpresaren erabaki bidegabe honi aurre egiteko”, langileek greba egunak deitu dituzte hilaren 26rako eta uztailaren 2rako; enpresak hartutako erabakia berresten badu, uztailaren 8tik greba mugagabeari ekingo diote.
Enpresak saldak, zopak, saltsak eta bestelako janari prestatuak ekoizten ditu. Besteak beste, Mercadona, Aldi, Lidl eta beste enpresentzako marka zurien hornitzailea da. Enpresa batzordeak jakinarazi duenez, azken urteetan enpresak irabazi handiak lortu ditu, “plantako emaitzen kontuetan zifra historikoetara iritsiz, eta dibidenduak ere banatu dituzte”.
Urte hasieran lan hitzarmenaren aldeko borrokaldian izan ziren Interaleko langileak. Horren harira egindako mobilizazio batena da albiste honetako argazkia.
