San Pedron festetarako motorrak bero dituzte
Festen atariko asko izan dituzte San Pedron asteburuan. Ostiralean ortzadarraren kolorez jantzi zen herria, eta larunbatean ia denetik izan zen.
Larunbateko triatloian parte hartu zutenen talde argazkia. Ostegunean (hilaren 26an) hasiko dira San Pedroko festak. Ordurako, baina, motorrak bero-bero eginda iritsiko dira sanpedrotarrak eta herriko giroaz asteburuan gozatu duenak. Izan ere, festen atariko asko izan dira ostiraletik atzora arte
Ostiralean Arraunlari kaleko zebrabidea ortzadarraren koloreekin margotu zuten. Larunbatean, aldiz, asko izan ziren jarduerak. Batetik, Pasaiako jaien aurkezpena egin zen eguerdian; aurretik, ordea, festetako klasiko den Arraitxiki Txapelketari eutsi zioten.
Siesta orduan beste klasiko bat: herri triatloia (albiste honetako argazkia bertakoa da). Gazte eta ez hain gazte, kirol lehia zintzoan izan ziren herriko kirolariak: banaka, emakumeen artetik onena Leire Rekalde izan zen, eta gizon azkarrena Xabier Txintxurreta. Taldeka, berriz, lehenak honakoak: Izar Perez Di Malta, Maren Zubillaga Cabada, eta Kattalin Altuna Fernandez; bigarren, berriz, Dunixi Elustondo Dominguez, Jon Arrieta Ventoso, eta Unax Sisniega Iturrioz. Parte hartzaile gazteenaren aitortza Magali Rodriguez Otañorentzat izan zen; helmugara azken iritsi zenak ere izan zuen merezitako errekonozimendua, egindako ahaleginagatik: Mikel Salaberria Fernandez de Arroyarbek itxi zuen triatloia.
Larunbat arratsaldean Arrantzaleen auzoan zentratu ziren jarduerak, han, besteak beste bote txapelketa, argazkien erakusketa, pintxo galiziarrekin otordutxoa, edo mariatxien kantaldia izan zelako. Galiziar kutsuko arratsalde-pasan, Novas Fontes gaita taldeak jarri zion doinua auzoari, eta gainera, Novas Fontes elkarteak aitortza txapela jaso zuen auzotarren partetik.
Atzo (igandea), goiza estropadena izan zen —geroago egingo du estropaden kronika HITZAk—, baina eguerdia, 80 urtetik gorako sanpedrotarrena: bazkaria egin zuten.
Osteguneko txupinazora arte badira ekitaldi gehiago. Ondoko zerrendan ikus daitezke
San Pedroko festak. Datozen egunetako egitaraua.
Gaur (hilak 23, astelehena)
- 22:00. San Joan sua Lamiak Dantza Taldeak girotua.
Etzi (hilak 25, asteazkena)
- 17:30 Haurren (6-16 urte) frontenis finalak.
Hilak 26, osteguna
- 17:00. Portuko etxeetan, haurrentzako merienda.
- 17:30. Buruhandiak frontoian.
- 18:00. Futbito finala.
- 19:00. Haur danborrada.
- 20:00. Txupinazoa Agustin Osaren eskutik, eta LGTBIQ+ banderaren igoera.
- 22:00. Helduen danborradak Gatzagatik.
- 00:00. Javi DJa portuko oholtzan.
