Podiuma bitan zapaldu du asteburu bakarrean Iñigo Iglesiasek
Txekiako Most zirkuituan, bikain pilotu errenteriarra. Atzoko lasterketan lehenengoa helmugaratu zen Iglesias.
Iñigo Iglesias pilotu errenteriarra. Asteburu biribila Iñigo Iglesias pilotu errenteriarrarentzat. Bi lasterketa jokatu ditu, eta bietan zapaldu du Iglesiasek Podiuma. Larunbateko lasterketan bigarren sailkatu zen Txekiako Most zirkuituan. Ez zuen lasterketa zuzen hasi, ibilbidea ezagutzeko biran katea apurtu eta motorra taldeko boxeraino eraman behar izan zuen. Azkar konpondu zuten mekanikoek baina bigarren atera ordez, azkena atera behar izan zuen.
Lehen itzulia eginda bigarren postuan kokatu zen Iglesias, lasterketa iraulita, eta lider izateko borrokatu bazen ere ez zuen lortu. Bigarren sailkatuz en larunbateakoan, eta podiumera igo.
Igandean lehen postuaren bila irten zen zirkuitura errenteriarra, baita lortu ere. lehia bizia izan zuen errenteriarrak Oliber Svendesenekin. Hiru itzuliren faltan, lehen postuari eusteko nahikoa estutu zuen Iglesiasek. Irabazlea, errenteriarra.
Mosteko zirkuitutik indarberrituta atera da Iglesias. Hurrengo hitzordua Alemanian du pilotuak, Osterslebengo Motorsport Arena zirkuituan, uztailaren 4tik 6ra.
