Listorreta-Barrengoloiako informazio bulegoak ateak ireki ditu
Inguruko natura eta kultura ondarearen gaineko informazioa lortzeko aukera izango dute, bertaratzen diren txangozaleek.
Aiako Harriko parke naturaleko Listorreta-Barrengoloiako informazio bulegoak ateak ireki ditu, eta urriaren 12ra arte izango da bertan informazioa eskatzea. Zehazki, inguruko natura eta kultura ondarearen gaineko informazioa lortzeko aukera izango dute, bertaratzen diren txangozaleek: mendi ibilbideak, monumentu megalitikoak, mehatxatutako fauna, Aizpitarteko haitzuloak, Urdaburu gailurra, Añarbeko baso erreserba, Malbazar, Aldura eta Pagosardeko hezeguneak, besteak beste. Babestutako eremu natural honetan dagoen biodibertsitateari buruzko informazioa ere emango dute bertan, fauna eta landarediaren ingurukoa.
Informazio bulegoa ostegunetan 08:30etik 14:00etara eta ostiral, larunbat, igande zein jaiegunetan 08:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 18:30era izango da zabalik.
Aisialdirako helmuga garrantzitsua da Listorreta-Barrengoloia Gipuzkoan, naturaz, kulturaz eta aire zabaleko jarduerez gozatzeko interesa dutenentzat erakargarri egiten duten aukera sorta zabala eskainiz. Errenteriako Udalak hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie bisitariei, hala nola, komunak, mahaiak eta bankuak dituzten eremuak, ur iturriak, haurren jolas gunea, erretegiak dituzten guneak, hondakinak gaika biltzeko instalazioak, autokarabanentzako aparkalekua eta hondakin urak husteko puntuak.
Uda garaian gainera, jarduera eta bisita gidatuak antolatzen dira inguru horretan. Informazio gehiagorako egin klik hemen.
