Ikasle gazteak ingurumenaren zaintzan inplikatu ditu Materrek
Aurtengo ikasturtean Materrek sustatutako 'Itsas hondakinen erronka: Gazteak aldaketaren protagonistak' proiektua zortzigarrenez garatu da. Iragan ostiralean sari banaketa egin zuten lonjan.
2018an Materrek DBHko gazteei begirako Itsas hondakinen erronka: Gazteak aldaketaren protagonistak izeneko hezkuntza proiektu berritzailea jarri zuen martxan. Proiektu horrek gazteak ahaldundu nahi ditu, eta helburu nagusia da beraiek sortu eta diseinatutako iniziatibak beraien herrietan gauzatzea, hondakinen murrizketan eta prebentzioan protagonistak bihurtuz eta haien komunitateko ingurumenaren zaintzan inplikatuz. Proiektua duela zortzi ikasturte sortu zuen Materrek, eta, ordutik, 2.700 ikasle baino gehiagok hartu dute parte. Ikasle horiek itsas hondakinen aferari aurre egin diote, tokian tokiko hobekuntzak ekarri dituzten 587 proiektu garatuz Pasaian, Lezon, Errenteria-Oreretan, Tolosan eta Astigarragan.
Aurtengo ikasturtean, Gipuzkoako sei ikastetxeetako 300 ikasle baino gehiagok hartu dute parte Materrek sustatzen duen proiektuan, eta, orotara, itsas hondakinen arazoari aurre egiteko tokian tokiko 80 proiektu garatu dituzte, “ingurumenaren zaintzako ekintzaile izanik eta aldaketaren protagonistak direla frogatuz”. Proiektu guztietatik, hamar onenak saritu egiten direla jakinarazi du Materrek.
Epaimahaiak hamar proiektu finalistak erabakitzeko “lan gogorra” izan duela baietsi du Materrek. Profesional horiek “harrituta” geratu dira aurten garatu diren proiektuen kalitate handiarengatik, hondakinen murrizketa proiektu kopuruarengatik, herriko eragile ezberdin asko inplikatu izanagatik eta komunikazioari indar “izugarria” emateagatik.
Aurtengo edizioa ixteko, hilaren 20an ekitaldi bat egin zuten Pasaiako lonjako ekitaldi aretoan. Bertan, ikasleak, familiak, epaimahaiko kideak eta hezkuntza komunitateko eta udaleko ordezkariak bildu ziren. Aurten Errenteria-Oreretako Telleri Alde ikastetxeko bi proiektu, Astigarragako Arantzazuko Ama ikastetxeko lau proiektu eta Tolosako Laskorain ikastolako hiru proiektu saritu dituzte. Ekitaldiaren ondoren, saritutako ikasleak Mater ontzira igo eta itsas hondakinen arrantza irteera batean hartu zuten parte.
Gazteek garatutako proiektuak Itsas hondakinen erronka webgunean ikus daitezke. “Hunkitu egiten gara urtero gazteek aurrera eramaten dituzten proiektuekin. Aukera eta prestaketa emanez benetako aldaketaren protagonistak izateko gai direla frogatzen dute, eta oso harro gaude”, adierazi du Sara Lizarzak, Materreko hezkuntza proiektuaren arduradunak.
