Martxan da Donibaneko hirugarren igogailu publikoa
Bordalaborda eta San Roke kaleak batzeko zeregina du irisgarritasun azpiegiturak, eta Lezo Bidetik Bordalabordaraino (eta alderantziz) doanaren osagarri da.
Iraitz Pazos eta Aintzane Taberna udal gobernu kideak, igogailuaren San Roke kaleko pasarelan.Pasaiako Udala Gaur hasi da martxan Donibaneko hirugarren igogailu publikoa. Hala jakinarazi du Pasaiako Udalak. Meipi auzoko Bordalaborda eta San Roke kaleak batzeko zeregina du irisgarritasun azpiegiturak, eta Lezo Bidetik Bordalabordaraino (eta alderantziz) doanaren osagarri da. Barrutiko lehen publikoa Donibane kalea eta Aiton Amonen Aterpea lotzen dituena izan zen. Osotara 594.247 euroko aurrekontua izan dute azpiegitura egiteko lanek, horietatik 277.657 Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak jarri ditu.

Bordalabordako parke berritua. Argazkia: Pasaiako Udala.
Igogailua egitearekin batera, horren sarbidetan hainbat hirigintza lan egin dira, udalaren arabera espazio publiko duinak sortzeko. Gainera, Bordalabordako atearen ondoko parkea biziberritu dute, haurrentzako jolas gunea eraikiz. “Lanak bukatzea eta igogailua martxan izatea pozgarria da”, esan du Donibaneko alkateorde Aintzane Taberna Ezkurrak: “Goiko bizilagunak eta erdigunekoak sekula baino gertuago eta erosoago lotuta izango gara orain, adinekoen eta mugikortasun zailtasunak dituztenen mesedetan, gehienbat. Jarraituko dugu herria zerbitzu publiko duinez hornitzen; hori da gure konpromisoa”. Udal gobernuak adierazi du Agintaldi Planaren barrukoak zela igogailua egiteko konpromisoa.
Hirigintzako zinegotzi Iraitz Pazos Lapidok bere aldetik aipatu du “begirada zabal eta orokor baten erpinetako bat” besterik ez dela igohgailu berriaren instalazioarena.: “Herri irisgarriak eraikitzea ez baitatza soilik arrapalak edo igogailuak jartzean, pertsona guztientzako bizigarriak izango diren herriak eraikitzean baizik: haurrentzat, adinekoentzat, ezgaitasun fisiko edo kognitiboak dituztenentzat, eta baita egunero oinez, bizikletaz edo garraio publikoan mugitzen diren guztientzat ere”.
