Atlantikaldiaren kartelaren lehen artistak iragarri dituzte
Irailaren 18tik 21era egingo dute Atlantikaldia, 'Zeharkaldiak' leloarekin.
Atlantikaldiaren aurkezpenaren irudia. Pambele (Kolonbia), Muchachito Bombo Infierno (Katalunia), Aïta Mon Amour (Maroko), Kumpania Algazarra (Portugal), Ramon Mirabet (Katalunia), Kiliki, Eider eta Anixe (Euskal Herria) dira aurtengo Atlantikaldian ariko diren artistetako batzuk. Zerrenda horri gehitu zaio edizio honetako lehenengo itsas-elkarrizketa ere: Sol Band talde
palestinarrak Olatz Salvador, Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga eta Arkaitz Miner izango ditu bidelagun kontzertu berezi batean.
Palestinako Sol Band taldearen zuzeneko doinuek zabaldu dute, aurten Zeharkaldiak lelopean egingo den Atlantikaldiaren karteleko lehen artistak aurkezteko agerraldia. Leloari aipamena egin dio Aizpea Otaegi alkateak: “Agerraldia zeharkatuta hasi dugu Sol Bandek ekarri dizkigulako gogora azken hilabete luzeetan beraien herriari buruz ikus ditugun irudiak; irudi horiek eta hunkidurak zeharkatuta hasi dugu agerraldia, beraz”.
Hamabigarren ekitaldia izango du aurtengoa Atlantikaldiak eta dagoeneko, egutegietan ongi finkatuta dagoela adierazi du Otaegik. Aurtengo datak: irailaren 18tik 21era: aurtengo leloari berriro aipamena egin dio alkateak, zeharkaldiak fisikoak edota bizipenetan, emozioetan, esperientzietan oinarritutako zeharkaldiak izan daitezkeela nabarmentzeko, “eta hori da, aurtengo Atlantikaldiaren gonbidapena, gure mugetatik harago gure buruak zeharkatzen eta beste batzuekin elkar zeharkatzeko, eta horretarako aukera ugari emango dizkigu jaialdiak. Bestetik, zeharkaldiak ere badira fisikoak, eta balioan jarri nahi ditugu oro har migrazioak, bai garai batekoak, historikoak, baita egungoak ere, migrazio horiek egiten gaituztelako tokian toki, herri aberatsagoa eta anitzagoa”.
Atlantikaldia badela aniztasuna gehitu du.
Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur Sustapen eta Gazteria zuzendariak jaialdiaren garrantzia jarri du nabarmen, baita estrategikoa dela esan euren helburuentzat, “izan ere, hiriburuaz harago, lurraldeko bazter guztietara eraman nahi dugu kultura. Horretarako udalen eta kultur eragileen eskura jartzen ditugu gure baliabideak. Atlantikaldiaren kasuan elkarlana areagotzen joan da diru laguntzen bidez, baina baita Dantzagunearen bidez Sortutakoak programaren bidez, edota Katapultaren bidez”.
Bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Palenciak, “kultura sustatzen jarraituko dugu herrialdean, hiriburuko jaialdi handietan, eta batez ere Gipzukoako bazter guztietara eramateko”.
Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Zeharkaldiak leloarekin keinu berezia egin nahi diotela gaurkoan Palestinari azaldu du. Ondoren jaialdiak aurreko urteetako agertokiak mantenduko dituela jakinarazi du: Itsasargi Nagusia Agirre Lehendakariaren plazan agertoki nagusia izango da; Herriko Plazan emanaldi intimoagoetarako agertokia; Kalekaia Panier orubean arte urbanoa hartzeko; eta Herrixka Foru plazan parte hartze kolektiboetarako eta gastronomiarako espazioa izango dena.
horietan ekintzak “askotarikoak eta bereziak” izango direla jarri du nabarmen, “kulturen arteko elkarrizketa eta sormen artistikoa sustatuz, bakoitzak bere nortasuna mantenduz eta elkarrekin osotasunean funtzionatuz: musika eta dantza emanaldiak, gastronomia, haur naiz helduentzako tailerrak…”.
Eragileei egin die ondoren keinu, “horien inplikazioa ezinbestekoa da eta urtero bezala, aurten ere herriko eta kanpoko eragileen ehundu da jaialdia; herritarren eta elkarteen ekarpenek benetako zentzua ematen diote gure programazioari”.
Kartela osatuko duten lehen artisten gaineko xehetasun gehiago eman ditu Laura Landa Kultura teknikariak. Diziplina ezberdinak eta jatorri anitzak uztartuko dituela jaialdiak esan du lehenik. Taldeei dagokionean, lehen aipamena agerraldia zabaldu eta itxi duen Sol Band talde palestinarrari egin dio, “oso kontzertu berezia eskainiko digu taldeak, izan ere, jatorri ezberdinetako artistak bertakoekin elkarlanean jartzen dituzten Itsas Elkarrizketen parte izango dira eta, sormen elkarrizketak sortzen dira horietan. Horren harira, Atlantikaldiaren publikoari emanaldi berezi eta bakarrak eskaintzen dizkiote”.
Soul Band, Olatz Salvador, Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga, eta Arkaitz Minerrekin ariko da elkarlanean, “aurten sortzen den ikuskizunak esanahi berezia izango du, izan ere, iazko Gazako egoera larriagatik bertan behera utzi behar izan zen kontzertua baita”.
Hitza hartu du berriro Otaegik, aurtengoan ere askotariko jatorrietako sortzaileak ariko direla Atlantikaldiaren agertokietan nabarmen jartzeko, urtero bezala; eta aurten ere, emakumeen presentzia indartsua bermatuko duela musika jaialdi eta kultur topaguneak. Atlantikaldiaren barruan garrantzitsua den eta berezko marka duen Itsas Elkarrizketen bidez aniztasuna jarriko du agerian jaialdiak, “jatorri ezberdinetako eta bertako artisten arteko lankidetzak ere sustatuko baititu jaialdiak”.
Kartela osatuko duten gainontzeko artistak, irailean zehar jakinaraziko dituzte.
Soul Bandeko kideek ere hartu dute hitza. Rafah Samadi da taldeko emakume bakarra eta abeslaria, Mohammed Nasrallah, Fares Anber, Ahmed Albaddad eta Abdelkader Abuqassim osatzen dute. Nasrallah eta Samadi mintzatu dira: “Gure musika eta gure abestien bidez Gazako eta Palestinako istorioak eta esperientziak kontatu nahi ditugu. Ez da erraza izan guretzako. Zaila izan da egoera azaltzea eta abesti batera eramatea. Palestinako, eta GAzako afera kontatu nahi izan dugu, hango bizitza nolakoa den esanez”.
Argi esan dute euren kantak istorioak direla eta ez direla disfrutazeko, “Palestinaren egunerokoa kontatzen baitute, abestiak tristeak dira, genozidio batetik gatozelako, eta ez da erraza guretzat mota honetako kantak egitea. Gustatuko litzaiguke musika alaia egitea abesteko eta dantzatzeko, jendeak egiten duen bezala, baina ez dugu aukera hori izan Gazan”. Ez dituzte ateak itxi, “oraindik esperantza dugu aurrera egiteko eta aurrera jarraitzeko”.
