Aurrera urratsik ez Interalen: langileek borrokarekin jarraituko dute
Lanuztea, enpresa itxiaraziz, egin dute gaur Gaintxurizketako enpresako langileek. 85 behargin kaleratu nahi ditu zuzendaritzak.
Lezoko Gaintxurizketan dagoen Interal enpresako langileek lanuztea egin dute gaur, enpresa itxiaraziz. Hala jakinarazi du ELA sindikatuak. Izan ere, enpresaren zuzendaritzak 226 langileetatik 85 kaleratu nahi ditu enplegua erregulatzeko espediente (EEE) bidez. Gaur, langileek zuzendaritzarekin batzarra egin dute. “Enpresako zuzendaritzak aurkeztutako EEEa negoziatzeko bigarren bilera egin ondoren, non guztira 226 langiletik 85 kaleratzea planteatzen den, enpresak ez du kopuru hori murriztuko duen edo araudi erregulatzaileak ezarritako gutxieneko baldintzak hobetuko dituen planteamendurik aurkeztu”.
Hori horrela, aldeek hurrengo bilerara deitu dute, uztailaren 2rako, eta egun horretarako ere greba egun berri bat dago deituta. Enpresak hartutako erabakia berresten badu, langileen batzordeak hala esanda, uztailaren 8tik greba mugagabeari ekingo diote. ELAk eta UGTk bosna ordezkari dituzte langileen batzordean, eta hiru CCOOk.
Enpresak saldak, zopak, saltsak eta bestelako janari prestatuak ekoizten ditu. Besteak beste, Mercadona, Aldi, Lidl eta beste enpresentzako marka zurien hornitzailea da. Langileen batzordeak jakinarazi duenez, azken urteetan enpresak irabazi handiak lortu ditu, “plantako emaitzen kontuetan zifra historikoetara iritsiz, eta dibidenduak ere banatu dituzte”.
LAB sindikatuak langileen borrokaldiari babes osoa adierazi dio, “enpresaren zekenkeriak ez du mugarik”, esan du.

