Trafiko eta aparkaleku aldaketak sanferminengatik
Uztailaren 4tik 8ra Antxoko sanferminak izango dira. Ospakizunek trafiko eta aparkaleku aldaketak ekarriko dituzte barrutira.
Iazko txupinazoan jasotako argazki bat. Sanjuanen eta sanpedroen ondoren, Antxoko sanferminek hartuko dute herriko festen lekukoa. Aurtengo sanferminak lehertzear dira, ostiraleko (uztailaren 4a) 20:00etan botako baita txupinazoa. Ospakizunak uztailaren 8ra arte izango dira, eta antxotarrak bost eguneko festa giroan murgilduko dira.
Ohi bezala, barrutiko jaiek trafiko eta aparkaleku aldaketak ekarriko dituzte Antxora. Pasaiako Udalak jakinarazi du, festek iraun bitartean, aparkatzeko ezohiko bi gune ahalbidetuko dituela, bertako bizilagunek aparka dezaten: Usozeko kirol eremua, Pasaia-Lezo Lizeoko kanpoaldean, eta Don Bosco ikastetxeko bi aparkaleku, 120 plaza baino gehiagorekin.
Usozeko eremua uztailaren 4ko (ostirala) 23:30etik uztailaren 9ko 12:00ak arte erabili ahal izango da aparkaleku gisa, ordu mugarik gabe. Horrez gain, Luzuriagan barrakek okupatzen ez dituzten guneak bertakoentzako aparkaleku gisa egokituko dituzte.
Don Boscoko guneari dagokionean, uztailaren 2ko (asteazkena) 10:00etatik uztailaren 10eko 15:30ak arte egongo da erabilgarri bizilagunentzat, udalarekin sinatutako akordioari esker. Zentroan bi aparkaleku gaituko dira, 120 plaza baino gehiagorekin. Don Boscoko hesia itxita egongo da gauetan. Egunero, 06:30ean irekiko dute hesia, eta 22:30ean itxiko dute. Ordutegi horretatik kanpo, ezin izango da bertatik atera edo bertara sartu.
Balizatutako guneak
Ferien muntaketa dela eta, ezin izango da Luzuriagako aparkalekuan balizatutako guneetan aparkatu uztailaren 1eko (asteartea) 08:00etatik uztailaren 9ra arte. Kupeldegi eta Blas de Lezo arteko Hamarretxeta kalean ere ezin izango da aparkatu uztailaren 3ko 08:00etatik uztailaren 8ra bitartean, bertan postuak jarriko direlako.
Uztailaren 4tik 9ko 07:00ak arte, Hamarretxeta, Zumalakarregi, Oarso eta Gure Zumardia kaleak zirkulaziorako itxita egongo dira. Herriko sarrerak Eskalantegi eta Oarsoko zubia izango dira. Eskalantegin, Luzuriagako aparkalekuaren perimetralean, Gelasio Aranburun, Blas de Lezon eta Maiatzaren Lehenean trafiko perimetrala ezarriko dela adierazi du udalak. Antxotik ateratzeko, aldiz, Papingo bidea, Luzuriaga-Gelasio Aranburu-Oarsoko biribilgunea edo Blas de Lezo kalea erabili beharko dira.
Udaltzaingoak jakinarazi du balizatutako guneetan aparkatzen duten ibilgailuei isuna jarriko zaiela eta garabiarekin erretiratuko dituztela. Informazio gehiagorako, Udaltzaingoaren telefono zenbakia ahalbidetu du udalak: 943 00 43 00.
