Alemanian podiuma eginda, Herbeheretan du hurrengo geltokia Iglesiasek
Alemaniako Oschersleben zirkuituan laugarren eta bigarren postua egin ditu pilotu errenteriarrak. Sailkapen orokorreko top 3an da Iñigo Iglesias eta horretan mantentzeko lanean jarraitu nahi du.
Iñigo Iglesias Oschersleben zirkuituan asteburuan. Ongi dabil iñigo Iglesias pilotu errenteriarra. Asteburuan balio handia duten puntuak poltsikoratu ditu errenteriarrak, larunbatean laugarren sailkatuta, eta igandean, berriz, bigarren eginda. Postu horiek, sailkapen orokorraren top 3an jarri dute Iglesias eta Alemaniako Oschersleben zirkuituan lanak bukatuta Herbehereetako Assengo ATT zirkuituan lehiatuko da datorren asteburuan.
Larunbatean suspentsioarekin arazoak izan zituen pilotu errenteriarrak eta lasterketa erdia lasterketa buruan egin bazuen ere ez zuen podioa erdiesterik izan. Igandekoan suspentsio arazoak erabat konpondu gabe baino arinduta hartu zuen parte lasterketan, eta azken bihurgunean aurreratu zituen Peter Svoboda eta Justin Hane bigarren sailkatuz.
Helburuak beteta helduko da datorren asteburuko lehiara; top 3 horretan mantentzea izango du erronka. Oliber Svendsen danimarkarra da lehenengoa, eta alde handia jarri du errenteriarra eta Peter Svoboda pilotuaren artean, 41 eta 40 puntu hurrenez hurren. Hala ere, ez dute ezinezkoa ikusten Svendsen aurreratzea, “150 puntu daude jokoan oraindik, eta borrokatu egingo da lortzeko”. Hori horrela, taldeak gaineratu du motorra baldintza egokienetan egon dadin doitu egingo dutela, “arerioei aurre egiteko baldintza egokienetan izan dadin”.
Hurrengo hitzordua, larunbat eta igandean izango du errenteriarrak Asengo ATT zirkuituan, Herbehereetan.
