Ander Aramendi, Gipuzkoako azkarrena 1.500 metrotan
19 urteko sanjuandarrak 20 urtez azpiko Gipuzkoako errekor berria ezarri du 1.500 metrotako proban. Europako Txapelketan aritzeko denbora ere lortu du.
Ander Aramendi Aginaga lasterkari sanjuandarrak 20 urtez azpiko Gipuzkoako errekor berria ezarri du 1.500 metrotako proban. 19 urteko gazteak Ordizian lortu du errekorra, 03:45.79ko denborarekin. Marka horrekin, gainera, Europako Txapelketan aritzeko denbora ere lortu du.
Aramendik aire libreko pistan sasoi ikaragarria darama. Maiatzaren 25ean, Anoetako miniestadioan lehiatutako topaketan, 3.000 metrotako proban Euskadiko errekorra gainditu eta Europako Txapelketan aritzeko minimoa lortu zuen, 08:15.48 denborarekin.
Ander eta bere anai biki Mikel “lan gogorraren emaitzak” jasotzen ari dira, eta Espainiako Txapelketan itxiko dute aurtengo denboraldia. Ander 3.000 metrotako proban arituko da, eta Mikel 3.000 metrotako oztopo proban.
Anderren antzera, Mikel ere denboraldi bikaina osatzen ari da aire libreko pistan. 3.000 metrotako oztopo proban, Euskadiko Txapelketa absolutua irabazi zuen ekainaren 28an, eta modalitate horretako txapeldun berria da.
Sasoia bukatzeko, bi txapelketetan izango dira Aramendi anaiak. Hilaren 12an eta 13an Euskal Selekzioaren arituko dira aire libreko Espainiako Federazioen Txapelketa Absolutuan. Hilaren 26an eta 27an, aldiz, 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketa jokatuko dute.
