Pasaian emakume bati eraso egiteagatik, gizon bat espetxera
Emakumea Donostiako Ospitalera eraman zuten erasoaren ondoriozko zauriengatik. Urruntze agindua hautsi zuen erasotzaileak.
Joan den igandean 22 urteko gizon bat atxilotu zuen Hernanin Ertzaintzak “Pasaiako etxebizitza batean behin baino gehiagotan” emakume bati eraso egiteagatik. Gainera, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, emakume horrekiko urruntze agindua zuen gizonak, eta hori ere hautsi zuen. Atzo Donostiako emakumearen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiaren eskuetan jarri zuten erasotzailea, eta epaileak atxilotua espetxeratzeko agindu zuen.
Segurtasun Sailak zehaztu du biktimak, erasotzailearen bikotekide ohia, eraso fisikoak eta mehatxu larriak jaso zituela, eta Donostiako Unibertsitate Ospitalean osasun-arreta jaso behar izan zuela.
