Karmenek trafiko eta aparkaleku aldaketak eragingo dituzte
Trintxerpeko Karmengo Jaiek trafiko eta aparkaleku aldaketak eragingo dituzte gaurtik hilaren 18ra bitartean.
Trintxerpeko Karmengo Jaiek sanjuanen, sanpedroen eta sanferminen lekukoa hartuko dute hilaren 11tik 16ra bitartean. Egun gutxi geratzen dira suziriak eztanda egin eta barrutia festen zurrunbiloan murgiltzeko, eta jai batzordeak, eragileek eta herritarrek prest dituzte jada aurtengo ospakizunak.
Ohi bezala, karmenek trafiko eta aparkaleku aldaketak eragingo dituzte barrutian, gaurtik (asteazkena) hilaren 18ra bitartean. Euskadi etorbidea, Trintxerpeko kale nagusia, oinezkoentzako erreserbatua egongo denez, ibilgailuen mugikortasun eta aparkaleku aukerak errazteko zenbait neurri hartuko ditu Pasaiako Udalak.
Euskadi etorbidea ostiraleko (hilak 11) 08:00etan moztuko da, eta ordu horretarako ibilgailu gabe egon beharko du. Hilaren 18an irekiko da barrutiko kale nagusia, garbiketa lanak bukatu ondoren. Jaiek dirauten bitartean, udalak jakinarazi du Euskadi etorbideko trafikoa puntualki zabalduko dela zamalanak egiteko eta autobusak San Pedrora iristeko. Igandean (hilak 13) zabalduko ez dela adierazi du udalak.
Euskadi etorbidea moztuta dagoen bitartean, Trintxerpera eta San Pedrora sartzeko eta bertatik ateratzeko trafikoa goiko auzoetatik bideratuko da:
- Aingurako biribilgunetik San Pedrora joateko: Azkueneko bidegurutzetik sartu, Jaizkibel-Ulia etorbidea-Andonaegi-Arrandegi korridoretik jarraitu, Euskadi etorbidea eta Esnabide kalea.
- San Pedrotik aingurako biribilgunera joateko: Esnabide kalea, Marinelen igoera, Gran Sol, Bordaenea eta Oiartzun (Andonaegi), Azkuene kaleraino.
Aparkalekuak
Zirizako aparkalekua hustuta dago jada, eta ezingo da ibilgailurik aparkatu eremu horretan, barrakak muntatuko baitituzte. Aparkalekua hilaren 18ko 12:00etan egongo da erabilgarri berriz ere. Aparkaleku gabeziari aurre egiteko, udalak hiru aparkaleku alternatibo ahalbidetu ditu datozen egunetarako:
- Bertakoek portu eremuan dagoen Rodolforen orube zaharrean aparkatzeko aukera izango dute gaurtik (asteazkena) hilaren 18ra bitartean.
- Lonjako eta Hospitalilloko aparkalekuaren artean dagoen eremuan ere aparkatu ahal izango da (asteburuetan zabalik dagoen barreren arteko eremuan), hilaren 10eko 11:00etatik hilaren 13ko 20:00etara bitartean.
- Karmengo Ama ikastetxeko beheko patioa ere gaituko du udalak Trintxerpeko bertakoek aparkatzeko: gaur eta bihar (asteazkena eta osteguna) 14:00etatik 08:00etara, soilik arratsaldez eta gauez. Hilaren 11ko 14:00etatik hilaren 14ko 08:00etara, egun osoan. Hilaren 15etik 17ra, 14:00etatik 08:00etara, soilik arratsaldez eta gauez.
Autobusak
Pasaiako Udalak jakinarazi du autobusa San Pedroraino iritsiko dela, udalaren, portuaren eta aldundiaren elkarlanari esker. Zerbitzua bermatzeko helburuarekin, autobusek Aduana kaletik Hospitalillora gurutzatzeko aukera izango dute.
E07 eta E08 lineek ohiko zerbitzua eskainiko dute, ohiko ordutegian. E09 linea, aldiz, ordubetean behin iritsiko da San Pedroraino. Hala ere, udalak baietsi du 20 minutuero iritsiko direla autobusak San Pedrora, eta erabiltzaileek hiru lineatako edozein hartu eta Bidebietan autobus aldaketa doan egiteko aukera izango dute.
E07, E08 eta E09 lineen geltokiak Hospitalilloko kaian izango dira, Euskadi etorbideko 45. zenbakiaren parean. E79 gaueko linea Bidebietan hasi eta bukatuko dela jakinarazi du udalak.
Aldaketek eragindako eremuetako bizilagunek beren ibilgailuak erabili behar badituzte, eremu horietatik kanpo eta egokitutako aparkalekuetan aparkatzea gomendatu die udalak. Bisitariei, gainera, garraio publikoa erabiltzea eskatu die udal erakundeak, mugikortasun arazoak ez handiagotzeko.
