Hibaikako senior gizonek bigarren bandera irabazi dute
Tartearekin garaitu dira errenteriarrak, bigarren sailkatu den Orio B ontziari 11 segundoko aldea aterata.
Hibaikako arraunlariak, entrenatzailea eta delegatuarekin, gaur irabazitako banderarekin. Bandera etxera. Hibaikako gizon seniorrek gaur Laredon (Kantabria) jokatutako KAE2 Ligako bosgarren jardunaldiaren irabazle izan dira. Tartearekin garaitu dira errenteriarrak, bigarren sailkatu den Orio B ontziari 11 segundoko aldea aterata.
Bikain hasi zuen KAE2 Ligaren denboraldia Dani Cobjucek gidatzen duen Madalen ontziak Astilleron (Kantabrian) egindako ligako lehen estropada irabazita. Alde handiarekin nagusitu ziren errenteriarrak ordukoan, eta banderarik gabeko zortzi urteko lehorteari bukaera jarri. Ondorengoetan Orio B ontziak hartu du lidergoa, bai etxean jokatutako banderan, zein Elantxoben zein Sestaon. Gaur baina, gehiago izan dira Hibaikakoak itsasoan.
Endika Sanz Martinez Hibaikako arraunlariak azaldu duenez, tadeak estropada oso ona egin du, “entrenatzaileak eskatu diguna egin dugu, eta dugun maila erakutsi dugu”. Denboraldia gorabeheratsua izaten ari direla esan du, bestalde, “hala ere uste dut dinamika ona dugula eta bide horretatik jarraituko dugu. Espero dezagun ez izatea ligako azken bandera”.
Liher Saiz Zarate arraunlariak ere egin ditu adierazpenak estropada ostean. Emaitzarekin pozik azaldu da Saiz, “uste dut oso estropada ona egin dugula, hasieratik egurra eman diogu, eta lehen luzean beste bi traineruekin batera joan gara. Ziabogatik aurrera, berriz, muturra sartu dugu, olatu pare bat hartu, eta lehenengoak sartu gara”.
Sailkapen orokorrean Orio B ontziak mantentzen du lidergoa, baina puntu bakarrera,hirugarren sailkatua den Portugalete lau puntura du Hibaikak.
Pozik eta “harro” egindako lanarekin Hibaikakoak, “honek biharko indarra emango digu”.
Bihar (igandea) beste hitzordua dute KAE2 Ligako traineruek. Lekeition jokatuko dute estropada 11:00etan hasita. Gaurkoa ez bezala, biharkoa zuzenean ikusteko aukera izango da (Klik hemen).
Denborak
1. HIBAIKA SUSPERREGI 20:31,06 6
2. ORIO ORIALKI 20:42,01 5
3. PORTUGALETE 21:01,36 4
4. BUSTURIALDEA, AKE 21:28,29 3
5. LAREDO 21:38,49 2
6. LUTXANA 21:52,76 1
