Datorren asteburuari begira jarri dira Hibaikaren bi ontziak
Emakumeak bosgarren postuan dira sailkapen orokorrean; gizonen ontziak ez dio segida eman larunbateko garaipenari, laugarren sailkatuta.
Hibaikako emakumeak Donostian (Jose A. Rodriguez) eta Hibaikao gizonak Zumardian larunbatean irabazitako banderarekin. Bosgarren postuan dira sailkapen orokorrean Hibaikako emakumeak, eta gizonen ontziak, berriz, KAE2 Ligako bigarren postuari eutsi diote asteburuko lanak bukatuta. Itsasoko lehen estropada izan zuten emakumeek larunbatean, Donostian; atzo berriz, Zierbenan aritu ziren. Bi estropadetan seigarren postua egin zuten Iñaki Mendizabalek gidatzen dituen arraunlariek, eta sailkapen orokorrean bosgarrenak dira une honetan. Bosgarren postu hori edota ahal dela laugarrena du begiz jota entrenatzaileak. aurreikuspenak betetzen ari dira beraz, emakumeak.
Itsaso zaila, bat-bateko haizearen eraginez sortutako itsaskirria edo trapaila eta olatu arteko hutsune zabalak izan zituztela Donostiako badian jokatutako estropadan jarri zuen nabarmen mendizabalek, “ez zegoen erraza, baina eusten asmatu zuten arraunlariek”. (Denborak ikusteko klik hemen).
Atzo, berriz, Zierbenan izan ziren eta “gustura” azaldu da bertan egindako lanarekin Madalen ontziko emakumeen entrenatzailea, “kaleen arteko alde handia zegoen, eta itxuraz balizak ez zeuden bere lekuan; horrek pixka bat kaltetu gaitu. Hala ere, taldeak oso ondo egin du gaurko estropada, batez ere bigarren luzea, eta alde horretatik, oso pozik gaude”. (Denborak ikusteko klik hemen).
Datorren asteburuan San Juanen izango dute estropada Euskotren Ligakoek 17:20an, eta igandean, berriz, Orion 11:25ean.
Lehenengoa bale, bigarrena kale. Denboraldia ezin hobeto hasi dute Hibaikako Senior Gizonek, eta asteburu honetan ere erakutsi dute KAE2 Ligaren goi-goian aritzeko gaitasun betea dutela. Bigarren bandera irabazi zuten larunbatean, Laredon (Kantabria), baina atzo ez zuten bide beretik egiten asmatu. Laugarren sailkatu ziren Lekeition jokatutako estropadan Dani Cobjucek entrenatzen dituenak, Orio B nagusi izan zen estropadan. Portugalete eta Busturialdea ere hobeto aritu ziren atzokoan, Hibaikako Madalen ontziari aurrea hartuta.
Bigarren jarraitzen dute sailkapen orokorrean errenteriarrek, baina Orio Bk aldea handitu eta Portugaletek, berriz txikitu egin du. Hori horrela, orain arteko estropadetan erakutsitako nagusitasunari eutsi beharko diote Cobjucek gidatzen dituenak, taldeak jauzia egin duela denboraldi honetan erakutsi duelako hasieratik.
Asteburuaren balorazioa egin zuen atzo entrenatzaileak. Asteburu “irregularra” izan dutela azaldu zuen Cobjucek: “Larunbatean pozik bandera irabazita, eta gaur berriz (atzoko estropada bukatuta egin zituen adierazpenak) estropada txarra egin dugu. Liga pixka bat urrundu zaigula dirudi, baina ez da horrela, oraindik ere eskura dugu eta lortu daiteke. Ondo egiten badugu arraun eta itsasoko estropadetan gehiago zentratzea lortzen badugu, aukerak ditugu oraindik”.
Atzoko estropadaren denborak hemen klik eginda.
Larunbatean bandera irabazi zutela eta, harrera egin zieten atzo Errenteria-Oreretan Hibaikako gizon seniorrei. Zumardian astindu zuten Laredo (Kantabrian) irabazitako trapua bertan zirenen txaloen artean, eta Gabierrota auzora ere gerturatu ziren. Jaietan zen auzo hori, eta txalo artean hartu zituzten arraunlariak.
Hibaikako emakumeak bezala, gizonen ontzia ere hurrengo asteburua du begiz jota. Orio eta Portugaleten izango dituzte estropadak errenteriarrek. Larunbatean 11:00etan izango dira lehian Orion, eta igandean, berriz, 12:00etan hasita Portugaleten.
