Haur eta nerabeen parte hartzea, erdigunean
Pasaiako Udala haur eta nerabeen parte hartzea sustatzen ari da Eskubidean planaren bidez. Herriko ikastetxeetako ikasleek hainbat gai proposatu eta landu dituzte aurtengo ikasturtean.
Pasaiako haur eta nerabeen parte hartzea sustatzeko, herriko ikastetxeetan dauden elkarguneetan hainbat gai proposatu eta landu dituzte gazteek urtean zehar. Haur eta nerabeen parte hartzearekin, Pasaia eraldatu nahi du Pasaiako Udalak, eta Eskubidean planaren bidez, beren haurtzaroa eta gaztaroa eraikitzen ari direla baietsi du udal erakundeak. Ikasturtea bukatzearekin batera, ikasleak proposatutako gai batzuen bueltan ekintzak egin dituzte.
Pasaia-Lezo Lizeoko LH 5. eta 6. mailako ikasleek Pasaiako jolas guneen inguruko azterketa egin dute. DBHko taldeek, aldiz, Donibane eta San Pedro garbitzeko auzolan egunak antolatzeaz gain, beren adinekoei zuzendutako hainbat ekintza eraman dituzte aurrera, esaterako, skate tailerra Antxon, multiabentura jarduera San Pedron eta olinpiadak Donibaneko Meipiko festetan. Orain, Donibaneko santioetara begira, kukaña antolatu dute.
Karmengo Amako LHko ikasleek belaunaldien arteko harremanak sustatzeko interesa azaleratu zuten. Ikasleek Adinkide elkartea ezagutu, eta beraiekin elkarlanean hiru saio egin zituzten. DBHko ikasleek, berriz, Pasaiaren kultur aniztasuna herriaren indargune eta aberastasuna dela sinetsita, aniztasun hori aldarrikatzeko murala margotu dute ikastetxearen atarian (ikus argazkia).
Azkenik, La Anunciatako LHko ikasleek Antxoko Biteri plazan hainbat hobekuntza eta konponketa egitea iradoki zuten. Pasaiako Udaleko Zerbitzu Saileko langileekin elkarlanean, auzolan egun bat egin zuten iragan ekainean. DBHko ikasleek, aldiz, udal zerbitzuak bertatik bertara ezagutu zituzten.
“Udal politika publikoak herritarren beharretatik eta nahietatik abiatuta eraiki behar dira, eta horren baitan, ezinbestekoa da haur eta nerabeen ikuspegia kontuan hartzea. Haien ekarpenak ezinbestekoak dira gure udalerriaren oraina eta etorkizuna diseinatzeko eta, horregatik, Pasaiako Udalean irmoki sinesten dugu haien ahotsa entzutea ez dela jarduera osagarri bat, baizik eta gure gobernu jardunaren oinarrian dagoen erpinetako bat”, adierazi du Teo Alberro alkateak.
Eta gaineratu du: “Parte hartze prozesu hauen bidez, egunez egun erakusten dute gazteek gaitasuna eta gogoa dutela gure herria hobetzeko, eta udalaren ardura da haiei tresnak, espazioak eta aitortza eskaintzea. Eskubidean planaren bitartez, haur eta nerabeekin eraikitzen dugun Pasaia inklusiboagoa, hezitzaileagoa eta kohesionatuagoa izango da”.

