Hondakinen tasaren igoeragatik azalpenak eman ditu udalak
Legeak hala behartuta igoera izan du hondakinen tasak Lezon. 96,6 eurokoa izatetik, 144,9koa izatera pasa da.
Iraileko osoko bilkuran onartu zuten Lezoko zinegotziek zaborraren tasa %50 igotzea, Espainiako Estatuko 7/2022 legeak hala behartuta. Lege horren arabera, 5.000 biztanletik gorako herrien hondakinen kudeaketa zerbitzua ez da defizitarioa izan behar, ezin die gasturik eragin behar erakunde publikoei; Lezon, zehazki, urtean 180.000 euroko defizita du zerbitzu horrek, pertsonal gastuak eta zeharkakoak kontuan hartu gabe. Egunotan ari dira hondakinen tasaren erreziboak iristen lezoarren etxeetara, eta horregatik, Lezoko Udalak azalpenak eman ditu.
Igoera horrekin, udalak 145.000 euro gehiago eskuratuko ditu hondakinen kudeaketa zerbitzurako. Horrela, 0 defizit helburura iristeko bidean izango da, nahiz eta gastu guztiak ez bete. Igoeraren aurretik, Gipuzkoan Lezoko biztanleriaren antzekoa duten udalerrietakoek baino gutxiago ordaindu behar zuten lezoarrek hondakinen tasagatik: Lezon (6.008 biztanle) 96,6 eurokoa zen tasa hori, urteko; Deban (5.393 biztanle) 199,2koa, Lazkaon (6.013 biztanle) 146,9koa, Urnietan (6.200 biztanle) 109,7 eurokoa, edo Orion (6.125 biztanle) 170,5 eurokoa. Egungo Lezoko tasa berritua 144,9 eurokoa da.
Dena dela, udalak oroitarazi du ordainketak egiteko zailtasunak dituzten familiek hobarien sistemarekin bat egin dezatela. Horrela, udalaren oinarrizko zerbitzuetan (Ondasun Higiezinen Zerga, ura, estolderia edo hondakinak) %20 eta %90 arteko hobaria izan dezakete.
