Ez lokartu, 'Libia'
Larunbateko Plentziako estropadan hamaikagarren izan ziren sanpedrotarrak. Datorren asteburuan beste bi estropada dituzte.
Plentzian jokatu zuten San Pedrok, larunbatean, KAE1 ligako seigarren estropada. Hamaikagarren izan zen, orain arteko posturik txarrenean sailkatu zen Libia. Jakina da dagoeneko sanpedrotarrek oso-oso zail izango dutela Eusko Label Ligarako play-offetarako postetatik hurbil izatea, eta aurtengoa berrasmatzeko urtea dutela tripulazio ia osoki berria dutelako. Gainera, harrobiko gazteak ere astero-astero protagonismoa hartzen ari dira, hainbat izan dira debuta egin duten Gazte Mailako arraunlariak. Gauzak horrela, konpetitzen den bitartean ikastea eta 2026rako helburu potoloagoak ezartzea izan daiteke egun moreen lehentasun, baina ez dute ahaztu behar emaitzek askotan kirolarien eta zaleen aldartean eragina dutela. Ez lokartu, Libia. Santurtzi izan zen, beste behin, Plentzian onena.
Datorren asteburuan beste bi estropada izango ditu Libia-k, larunbatean Zarautzen eta igandean Gorlizen. Ea Plentziako emaitza hobetzerik duten, puntuak pilatzen joateko eta sailkapen nagusian lasai ibiltzeko.
