Konfirmazio asteburua San Juanentzat
'Erreka'-k konfirmatu du bigarren txandakoa izan daitekeela, baina ezin dela lokartu. 'Batelerak' trainerua, berriz, play-offerako borrokan sendo.
'Erreka'-ko arraunlariak, larunbatean Donostiako portuan. Egin beharrekoak berresteko asteburua izan dute San Juanen bi traineruek. Gizonek bi estropada izan dituzte, eta larunbatean Donostian egindako lan handia atzo (igandea) pixka bat lausotu zen Zierbenan. Emakumeek lehia bakarra izan zuten, atzokoa Lekeition: bigarren izan ziren, konfirmatuz igoerarako play-offerako borrokan tinko darraitela.
Eusko Label Ligako hirugarrena larunbatean izan zen jokoan Donostian, Fabrika Bandera. Erreka ontzia seigarren izan zen (21.13), itsasoko estropada izanda ere bikain moldatuz egoerara. Donostiarra irabazletik urrun bada ere (20.06), Joseba Fernandezenek badakite zein den euren liga: bigarren txandakoak izatea. Hala, larunbatean konfirmatu egin zuten txanda horretarako maila badutela, are gehiago azken asteetan lesionatuta izan diren hainbat arraunlari berreskuratu ostean. Atzo Zierbenan bestelakoa izan zen estropada, bederatzigarren izan ziren arrosak (20.40), konfirmatuz aldi berean euren nahiak lortzeko ezin direla lokartu. Denek dute maila oso ona Eusko Label Ligan, eta kaleengatik, une txarren batengatik, edo ziaboga ez on batengatik segundoek ihes egin dezakete eta sailkapenean atzera joan.
Orain, Eusko Labeleko sailkapen nagusian hamargarren da Erreka 16 punturekin. 8. eta 9. traineruak (Ondarroa eta Isuntza) puntu bakarra aurretik dituzte arrosek. Bi traineru bizkaitar horiek dira egun San Juanentzat erreferentzia nagusiak.
Batelerak
San Juanen emakumeen traineruak estropada bakarra izan du asteburuan. Atzo izan zen, Lekeition, Burdinola Bandera. Bigarren izan ziren Batelerak trainerukoak, baina erne, irabazle Kaiku izan zen. Orain artean lehian izan diren estropada guztietan atzetik izan dute arrosek traineru sestaoarra, baina antza, astetik astera hobetzen ari dira Kaikukoak, eta play-offerako diren bi plazen borrokan bete-betean sartu dira. Bi plaza horietarako lehian den hirugarren ontzia Zarautz da. Bi postu igoerarako, eta hiru traineru. Goian izanen direla konfirmatu dute Batelerek, baina erne ibili behar dute biren arteko borroka zirudiena, hiruren artekoa izango delako.
