Aurrera doaz Pasaiako udalekuak
Aurten 342 haur ari dira parte hartzen. Euskal Herriko hainbat toki ezagutzen ari dira jolas, ipuin edota tailerren bitartez.
Pasaiako udalekuak aurrera doaz. Aurten 342 haur ari dira parte hartzen, “giro bikainean”. Pasaiako udalekuak alderdi pedagogikotik “berritzaileak” direla adierazi du Pasaiako Udalak, gaikako ardatzetan oinarrituta baitaude egiten dituzten jarduerak. Aurtengo ardatza euskal kultura da, eta Laino guztien azpitik, sasi guztien gainetik! izenburupean ari dira egiten udalekuen baitako jarduera guztiak. Udalekuen helburua da Euskal Herriko garai bateko biztanleen bizimodua, gaurdaino iritsi diren balioak, sinesmenak, kondairak, pertsonaiak, festak edota ohiturak ezagutzea.
Uztailean zehar, haurrak Euskal Herriko hainbat toki ezagutzen ari dira jolas, ipuin edota tailerren bitartez. Jarduera horiez gain, irteera eta txangoak ere egin dituzte. Hiru urtetik aurrerakoak igerilekuan izan dira jada; hiru urtekoek, aldiz, badiari buelta eman diote txalupan. Aste honetan Donostiako Aquariumera egingo dute bisita, eta datorrenean Hondarribiko hondartzara joango dira.
Horiez gain, ur jolasak, tailerrak eta bestelako jarduerak egiten ari dira, udalaren arabera udalekuak aukera “paregabea” baitira aisialdiaz gozatzeko. Aldi berean, udalekuek euskaraz aritzeko eta sozializatzeko aukera ematen dutela baietsi du udalak, betiere 51 begiraleren laguntza eta ikuskapenarekin.
Oporrak Bakean egitasmoaren baitan, Saharako haurrak Pasaiara etortzen dira uda pasatzera. Aurten, hiru haur sahararrek igaroko dute uda Pasaian, eta datozen egunetan iritsiko dira. Haurrek ongietorri berezia egingo diete Saharatik etorritakoei, eta udalekuetan hartuko dute parte.
