Eguzki: "Donibaneko saneamendua noizko?"
Talde ekologistak administrazioaren "utzikeria" salatu du, eta mural bat egin du herritarrak kontzientziatzeko eta administrazioa "gorriarazteko".
Donibaneko saneamenduaren aferak hautsak harrotu ditu azkenaldian barrutian. Saneamendua administrazio publikoaren kudeaketaren “porroten” adibide dela adierazi du Eguzki Talde Ekologistak. Eguzkik gogorarazi du 2021ean esan zutela saneamenduak 30 urteko atzerapena zeramala Europako Zuzentarauetan ezarritako eskakizunak kontuan hartuta. 30 urte geroago, hondakin urak zuzenean eta etengabe Pasaiako badiara doazela salatu du talde ekologistak.
Donibaneko saneamendu obrak gauzatzeko “zenbait zalantza” sortu zirenez, jarduketak bi fasetan egitea erabaki zela zehaztu du Eguzkik. Lehen faseak “zailtasun gutxien” planteatzen dituela nabarmendu du talde ekologistak.
2023ko apirilaren 4an, Foru Gobernuaren Kontseiluak saneamendu proiektua onartu zuela adierazi du talde ekologistak. Proiektu hori Bonantza pasealekutik Santiago plazaraino doa, eta “onura publikotzat” jo zela nabarmendu du Eguzkik. Obrak egiteko zazpi hilabeteko epea zehaztu eta 1.403.744,37 euroko aurrekontua ezarri zela baietsi du talde ekologistak.
“Zailtasun gutxien” behar dituen fasea izan arren, bi urte geldirik daramala salatu du Eguzkik. “Baina hori ez da okerrena, okerrena da udalak aurtengo otsailean bizilagunei jakinarazi ziela obra aldatuko dela, aldundiak orain obra beste muturretik hastea egokiagoa dela pentsatzen duelako. 2023an proiektua onartu zuenean, ez al zen zailtasun gutxien zeukana? Atzerapen bat beste atzerapen baten atzetik. Azken erabaki honek beste atzerapen bat dakar, eta, joera ikusita, beldur gara azkena ez den izango”, esan du talde ekologistak.
Eguzkik administrazioaren “utzikeria” salatzen jarraituko duela nabarmendu du, “ingurumena bezalako gai sentikor batean, eta ingurumen legezkotasuna behin eta berriz ez betetzearen konponbidea eskatu behar du”. Salaketa lan horrekin bat eginez, mural bat egin du Eguzkik herritarrak kontzientziatzeko eta administrazioa “gorriarazteko”.
