Txakurren kakekin kezka Alabergan
Txakurren gorozkiak markatzeari ekin diote hainbat auzotarrek. Errenteriako Udalari animalien ordenantza zorrotzago aplika dezala eskatu diote.
Herritarrek HITZAra bidalitako gorotzen argazkia. Alabergako bizilagunek kezka azaldu dute auzoko parkeetan eta belardietan txakur kakak maiz agertzen direlako. Zehaztu dute herrian oro har zabaldutako arazoa dela txakur gorotzena, baina Alabergan bereziki nabaria dela, bertako berdeguneetan, txakurren jabeen utzikeria. Horrela, bizilagunek kakak esprai bidez markatzeari ekin diote, bi helbururekin: lehenik, salatzeko horrelakoak ezin direla egin eta Errenteriako Udalaren Animaliak Babesteari eta Edukitzeari Buruzko Ordenantzak jasota duela kakak jasotzen ez dituztenek zigorrak izan ditzaketela; eta bigarrenik herritarrei garbi adierazteko non dauden kakak, horiek zapal ez daitezen: “Haurrak maiz izaten dira berdegune horietan”. Errenteriako Udalari ordenantza zorrotzago aplika dezala eskatu diote.
Alabergako kasuan, zehazki, auzoan txakurrentzako eremu berezia edo txakur parkea badagoela esan dute HITZArekin harremana egin duten bizilagunek, horietan ere derrigorrezkoa delarik lau hankako animaliek sortzen dituzten gorozkiak jasotzea. Gainera, alabergarrek jakinarazi dute belardien zaintzan edo lorezain lanetan dabiltzan udal langileek zailtasunak izaten dituztela euren zeregina lasai egiteko kakengatik.
