Abenturarako aukera izango da Listorretan uda honetan ere
Listorreta aisia gunea ezagutzera eman eta balioan jartzeko hainbat jarduera berezi antolatu dituzte aurten ere Gipuzkoako Parketxe Sareak eta Errenteriako Udalak elkarlanean.
Aurreko urte batean egindako hegazti askatzea Listorreta aisia gunea ezagutzera eman eta balioan jartzeko hainbat jarduera berezi antolatu dituzte aurten ere Gipuzkoako Parketxe Sareak eta Errenteriako Udalak elkarlanean. Horrela, igandean, Basabizi zentroan sendatutako hegaztiak askatuko dituzte Aiako Harria natur parkean kokatutako Listorreta-Barrrengoloian.
Aldundiko Basa Animalia eta Landareen Zerbitzuko teknikariek, Basabizi zentroan egiten den lana eta animalia zauritua aurkitutakoan egin beharrekoa azalduko dute saioan.
Saioa 11:00etan izango da eta ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea parte hartu ahal izateko. Euskaraz eta gaztelaniaz izango da saioa, 3 euro balio ditu, eta parte hartzeko 943 49 42 48 edo 688 89 50 68 telefono zenbakietara deitu edota posta elektronikora mezua bidali behar da (klik hemen).
2022an zabaldu zuen aldundiak, Lurralde Oreka Berdea Departamentuak zehazki, Basabizi zentroa Urnietan, eta Arrano Etxearen lekukoa hartu du. Gipuzkoako basa fauna berreskuratzea du egitekoa, animalia zaurituak sendatu, eta berriro ingurune naturalera itzultzea.
Hegazti askatzeaz aparte, jarduera gehiago ere antolatu dituzte. Abuztuaren 10ean eta 29an Aiako Harria natura parkea ezagutzeko aukera eskainiko dute. Listorretatik hasita, parkearen altxorretako batzuk gertutik ezagutzeko aukera izango da, ibilbide motz baten bidez.
Bukatzeko, irailaren 5ean azken saioa egingo dute, eta horretan, saguzarren mundua gertutik ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek Lander Olasagasti adituaren eskutik. Oinarrizko azalpenak emango ditu Olasagastik, detektagailu berezi batzuk erabiliz entzuteko aukera izango da, baita bateren bat ikusteko aukera akaso ingurunea adi behatuz gero. Saguzarrek inguruan duten garrantzi ekologikoa ere zabalduko dute. Euskaraz eta gaztelaniaz izango da ekintza. Hauetan parte hartzeko ere izena eman beharko da 943 49 42 48 edo 688 89 50 68 telefono zenbakietara deituta edota posta elektronikora mezua bidalita (klik hemen).
