Emanaldi gorena, Landarbasoren eskutik
Landarbaso abesbatzak Madalenetako kontzertua egingo du larunbatean, hogeita hamalaugarrenez Madalenaren ermitan, 20:30ean.
Gaur aurkeztu dute Landarbaso abesbatzaren Madalenetako kontzertua. Klasiko bat da, eta jende mordoa biltzen du urtero-urtero Landarbaso abesbatzaren Madalenetako kontzertuak. Aurten ere hala egingo du, eta emanaldi gorenaz gozatzeko aukera eskainiko die Errenteria-Oreretako abesbatza handiak bertaratzen direnei. Hitzordua, larunbatean 20:30ean, Madalenaren ermitan.
Gaur aurkeztu dute emanaldi hori Maria Magdalenaren Lagunak Kultur elkarteko kideek eta Landarbaso Abesbatzaren zuzendari Iñaki Tolaretxipik.
Aurtengo ibilbidearen balorazio txiki bat egin du lehenik Lurdes Uranga Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteko presidenteak, eta nabarmen jarri du urte oparoa izan dutela aurtengoa. Elkarteak bakarka zein beste eragileekin elkarlanean antolatzen ditu kontzertuak akustika paregabe eta berezia duen ermitan: “Aurten gurekin batera aritu dira Herri Arte Eskola, Andra Mari Abesbatza, Landarbaso abesbatza, Beti Bizkor elkartea, Ereintza elkarteko txistulariak, Niessen Elkartea, eta Telleri abesbatza”.
Iaz 26 emanaldi antolatu zituen elkarteak bakarka zein elkarlanean aipatu moduan, eta aurten, uztailera bitarte 20 antolatu ditu jada, “martxoa izan da kontzertu gehien egin dugun hilabetea, sei denera antolatuta”.
Ikus-entzuleen erantzunarekin pozik Uranga, leiala delako publikoa, ermita betetzen delako emanaldiro, eta jende berria ere gerturatzen delako, “horrela jarraitzea espero dugu”.
Kontzertuaz hitz egin du Tolaretxipik. Honakoa 34. urtea izango dutela nabarmen jarri du Landarbasoren zuzendariak, “kontzertu klasiko bat da madalen bezperakoa eta ibilbide luzekoa. Urte asko pasata pisu handia hartu du eta abeslarientzat etxeko kontzertua da, asko maite dute, publikoa ere bertatik bertara dutelako, lau metro eskasera. asko maite duten kontzertua da”.
Kontzertuaren hurrengo egunean Japoniara joango dira, Tokiora zehazki, bertan egiten duten lehiaketarik garrantzitsuenean parte hartzera. Larunbateko emanaldia, beraz, kontzertu horretarako ondu duten errepertorioa ia osorik entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek, “entsegu modukoa izango da guretzat”. 42 abeslari ditu Landarbaso abesbatzara, eta horietatik 38 izango dira Japoniako lehiaketa garrantzitsu horretan.
Larunbateko emanaldia ez da luzea izango, ordubetera ez dela iritsiko azaldu du Tolaretxipik, eta bi zatitan egingo dute, “lehenengoa jarraia izango da txaloetarako tarterik gabe Japoniako programarekin, entseatzeko ongi datorkigulako; bigarren zatian, lehiaketatik kanpo hainbat kontzertu egiten dituzte eta gu satelite gonbidatuta gaude eta bertarako prestatu dugun emanaldia, bigarren zatian egingo dugu hemen”.
Sarrera doakoa da larunbateko emanaldirako, eta garaiz azaltzeko deia egin du zuzendariak, “errekorra dugulako asistentzian eta lekua hartzeko”.
Lehian 46 abesbatza hamar modalitatetan
Japoniako lehiaketaren gaineko datu gehiago ere eman ditu Landarbasoko ordezkariak. Hala azaldu du Tokion 46 abesbatza ariko direla hamar modalitatean. Landarbaso abesbatza mistoa eta musika garaikidean lehiatuko da, “maila goreneko lehiaketa da, aste honetan izan naiz konpetentziako abesbatzak entzun eta ikusten eta harrituta gelditu naiz Japonian dagoen mailarekin. Gu oso ondo prestatuta goaz, aurten egiten ari garen lana beste urteetakoa baino zehatzagoa den sentsazioa dut, ez dakit aurretik inoiz egin dugun halako lanik, akaso 2023ko Asiako Grand Prixean, dena eman genuelako”.
Ilusio handiarekin, gogo handiekin eta inoizko maila altuenarekin dagoela abesbatza gaineratu du Tolaretxipik, “90 punturen bueltan ibiliko gara, eta larunbatean aukera izango dugu zer niolako lana egin dugun lehiaketarako Errenteriako kontzertuan”.
