Marinelena da egun handia
Karmengo Amaren eguna izaki, gaur arratsaldeko marinelen danborradak Trintxerpe hunkitu du. Gaur bukatuko dira karmenak.
Trintxerpeko zaindariaren eguna da gaurkoa, Karmengo Amarena. Marinelen zaindaria da, aldi berean. Itsas erro sendoak ditu oraindik ere barrutiak, eta festetan horri oles egiten diote urtero-urtero. Gaurkoa da egun hori. Marinelen danborrada egin dute lur eta itsasoz, hildako itsas gizon eta emakumeak nahiz itsasoan lan egindakoak omentzeko, festa giroan.
17:00etan hasi da danborradak girotu duen prozesioa parrokiatik Karmengo Amaren irudiaren ateratzearekin; ohorezko Agurra dantzatu diote herriko dantzariek elizaren behealdean, eta handik pantalan aldera joan dira segizioan, han ontzia hartu eta itsasoz jarraitzeko ekitaldiarekin, San Pedro aldera: hildako marinelen omenez loreak eman dizkiote itsasoari bertan, Torrearen inguruan. Une hunkigarriak bizi izan dira karmenetako jarduerarik indartsuenetakoa denean. Beheko irudi eta bideo bidez danborradaren inguruan gertatu direnak ikusteko aukera dago. Gaurkoa da Trintxerpeko 2025eko festen azken eguna.
Danborradaren ondoren erraldoi eta buruhandien txanda izan da, kaleak haurrez beteta zirela. Ondoren, 19:00etan, DJ Mikeltxik festen azken orduei martxa ezarriko die Serafin Esnaola plazan. Jaiak itzaltzeko, zezensuzkoa piztuko dute 21:30ean. Agur, aurtengoz, karmenei horrela.
