Pasaiako badia, traineru estropaden epizentro
Larunbatean Eusko Label eta Euskotren Ligetako bosgarren jardunaldiak jokatuko dira Pasaiako uretan, San Juan-Koxtape Arraun Elkarteak antolatuta.
Pasaiako badia traineru estropaden epizentro bilakatuko da larunbatean, hilaren 19an. San Juan-Koxtape Arraun Elkarteak antolatuta, Eusko Label eta Euskotren Ligetako bosgarren jardunaldiak jokatuko dira Pasaiako uretan. Emakumeak II. Gertu Eraikuntzak Banderaren lehian arituko dira, eta, gizonek IV. CMO Valves Bandera jokatuko dute. Aurtengo estropada berritasunekin dator, estropada eremua berria baita, eta gaur aurkeztu dituzte xehetasun nagusiak Teo Alberro Pasaiako alkateak, Julen Rodriguez Kirol zinegotziak, Natitxu Etxarri zinegotziak, Jose Miguel Beraza San Juan-Koxtape Arraun Elkarteko zuzendariak eta Iker Diez CMO Valveseko gerenteak Donibaneko Juanba Berasategi aretoan egin den prentsaurrekoan.
Lehen estropada emakumeena izango da, 17:20ean. Erlojupeko modalitatean, bi luze eta ziaboga bakarra izango ditu estropadak. Ontziak Juanba Berasategi paretik abiatuko dira, eta Donibaneko kantinaren inguruan egingo dute ziaboga. Estropadaren zati handiena badiaren barruan egingo dute emakumeek. Lehen txandan sailkapeneko azken lau ontziak abiatuko dira: Hondarribia, Donostiarra, Astillero eta Hibaika. Haien ondoren, ohorezko txandako ontziak arituko dira: Zumaia, Tolosaldea, Orio eta Arraun Lagunak.
Emakumeen estropadaren ondoren, gizonen txanda izango da. Emakumeen antzera, gizonen estropada ere erlojupeko modalitatean lehiatuko da, eta bi luze eta ziaboga bakarra osatu beharko dituzte. Ontziak Juanba Berasategi paretik abiatuko dira, eta itsaso zabalean egingo dute ziaboga. Hortaz, gizonen estropada errekan, bokalean eta itsasoan lehiatuko da. Lehenik eta behin, lehen txandako ontziak uretaratuko dira: Kaiku, Cabo, San Juan eta Lekittarra. Ondoren bigarren txandakoak arituko dira: Ondarroa, Ares, Getaria eta Hondarribia. Azkenik, ohorezko txandako traineruekin itxiko da Pasaiako bandera: Donostiarra, Bermeo Urdaibai, Zierbena eta Orio.
Estropadak Donibanetik eta San Pedrotik jarraitu ahal izango direla jakinarazi du Jose Miguel Berazak. Horrez gain, zaleak bilduko dituen Fan Zone bat jarriko dute Donibaneko Bizkaia plazan, zaleek arraunaz goza dezaten. San Juan da larunbatean lehian izango den Pasaiako traineru bakarra, eta Teo Alberrok zorte onena opa die arrosei. Pasaiara bertaratuko diren arraun zaleei garraio publikoan gerturatzea eskatu die Pasaiako alkateak, aparkatzeko arazoak ekiditeko.
