Hemen dira Saharako haurrak!
Hiru asteko atzerapenarekin izan bada ere, gaur iritsi dira Pasaian eta Lezon uda pasako duten bost haur sahararrak. Gaur harrera instituzionala egin diete Pasaiako udaletxean.
Hiru asteko atzerapenarekin iritsi badira ere, Euskal Herrian dira Saharatik etorritako haurrak. Oporrak Bakean programari esker, 213 haur iritsi dira gaur Bilboko aireportura. Horietatik hiruk Pasaian pasako dute uda, eta bik Lezon. Gaur eguerdian harrera instituzionala egin diete bost haur sahararrei eta harrera familiei Lezoko eta Pasaiako Udalek, Pasaiako udaletxean. Gaymula, Fatma, Kanan, Tiba eta Wuaba dira Oarsoaldeko bi herrietan uda pasako duten haurrak. 13:00ak aldera iritsi dira Donibanera, eta Saharako bandera eskuan jaitsi dira autotik. Pasaitarrek Saharako banderarekin eta pankartekin egin diete ongietorria. Udaletxearen sarreran, agurra dantzatu diete eta pleno aretora igo dira den-denak, ekitaldia hasteko.
Ekitaldian Teo Alberro Pasaiako alkateak, Iker Salaberria Lezoko Udaleko zinegotziak, Emaldi Cereijok harrera familien izenean, Xune Azkarate sanjuandarrak eta Tibak haur sahararren izenean hartu dute parte. Udal ordezkariek, harrera familiek eta pasaitarrek txiki utzi dute pleno aretoa, eta une hunkigarri mordoa bizitu dira. Xune Azkaratek bertso bat abestu die eta Tibak Saharatik ekarritako opari bana eman dizkie Pasaiako eta Lezoko Udalei. Donibaneko Bixi-Bixi elkarteko kideak ere harrera ekitaldian izan dira, Oporrak Bakean programaren eskualdeko arduradun gisa.
Teo Alberrok ongietorria egin die bost haurrei, eta adierazi du “pozgarria” dela haiek Lezon eta Pasaian jasotzea. Haur sahararrak hiru asteko atzerapenarekin iritsi dira Euskal Herrira, eta hiru aste gehiagoz basamortuko baldintza gogorrei egin behar izan diete aurre. Alberrok jakinarazi du Nazio Batuetako agentziek eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek egindako azterketa batean agerian geratu dela sahararrak nutrizio krisi larria bizitzen ari direla Tindufeko kanpamenduetan. “Datuen bidez agerian utzi dute berriro ere zein larria den Saharako herriaren egoera”, esan du Pasaiako alkateak. Hori dela eta, nazio arteko komunitatearen eta norbanakoen konpromisoa “sekula baino premiazkoa” dela baietsi du Alberrok.
Horrez gain, Administrazio Publikoaren esku hartzea ere funtsezkoa dela nabarmendu du alkateak, eta zehaztu du Pasaiako Udalak egoeraren larritasuna salatzen jarraituko duela eta eskura dituen baliabideak erabiliko dituela herri oso batek bizirauteko ekarpena egiten duten taldeen alde. Elkartasun sareak eraikitzen jarraitzea “premiazkoa” dela iritzi du Alberrok, eta gaurko harrera horren adibide dela adierazi du. Zentzu horretan, harrera familiak konpromisoaren adibide argia direla zehaztu du Pasaiako alkateak.
Oporrak Bakean programa haurrentzat osasun eta elikadura egokirako aukera dela nabarmendu du Alberrok. Haurrak errefuxiatuen kanpamenduetan bizi dira, muturreko baldintzetan, eta handik irten eta beste errealitate bat bizitzeko aukera izango dute Euskal Herrira iritsi direnek. Bukatzeko, harrera familiei eta Bixi-Bixiri eskerrak eman dizkie Alberrok egiten duten lana eta esfortzuagatik.
Iker Salaberriak ere haur sahararrei ongietorria egin die gaurko ekitaldian. Gaur egun gizartea kanpokoarekiko gorrotoa zabaltzen ari den garai betean bizi dela adierazi du Lezoko zinegotziak, eta horren aurrean, aldarrikatu du “gurea harrera herria dela, gurean inor ez dela ilegala”. Oporrak Bakean-ek elkartasuna, enpatia, bizikidetza eta mundua ikusteko beste ikuskera bat ematen dituela goratu du Salaberriak.
Haurrak beren istorioekin etorri direla nabarmendu du lezoarrak, eta istorio horiek Saharako historia islatzen dutela adierazi du. Sahararen borrokak Euskal Herrikoarekin bat egiten duela zehaztu du: “Guk ere badakigu zer den hizkuntza eta kultura debekatzea, eta horregatik, guretzako ulergarria eta bereziki hurbila da Saharako egoera. Istorioak kontatu egin behar dira entzunak izan daitezen. Gaurkoa bezalako egitasmoek garrantzia berezia dute. Enpatia eta herrien arteko elkartasun zubiak eraikitzen laguntzen dute, eta elkartasun sare hori egiten laguntzen dutenei zuzendu nahi diet esker berezia”. Bide horretatik, Bixi-Bixi elkarteari eta harrera familiei egiten duten lan nekaezina eskertu die.
